Espazio eta dinamikak identifikatzeko saioak egingo dituzte maiatzaren 11n eta 27an. 17:00etatik 20:00etara batuko dira Ariatzan. Herrietako emakumeei parte hartzeko deia egin diete.
Muxika, Gorozika eta Ibarruriko bizilagunek udalerrian zaintzarako erabiltzen dituzten espazio eta dinamikak identifikatzeko saioak egingo dituzte maiatzaren 11n eta 27an. 17:00etatik 20:00etara batuko dira Ariatzan.
Izan ere, hiri handietan, zaintza guneak zeintzuk diren “oso ondo” identifikatu daitezkeela diote, baina landa ingurunean ez dela horren nabarmena dio udalagaz elkarlanean ikerketa bultzatu duen EHUko ikerlari batek: “Landa-ingurunean espazio horiek ez dira hain nabarmenak, ezta identifikagarriak ere. Espazio fisikoak ez ezik, ekintzak ere identifikatu gura ditugu”.
Ikerketa duela urtebete herrian egindako azterketaren emaitza da: “Diagonostiko haretan ikusi genuen landa inguruneko komunitatea zaindu beharra zegoela. Zergatik? Nekazal komunitatea zaintzeko. Eta, horretarako, ingurunean zaintzarako dauden espazio eta dinamikak identifikatu gura ditugu”.
Zehaztu dutenez, ez dute plaza batek zelan funtzionatzen duen aztertuko, herriko emakumeak zelan ibiltzen diren baizik; izan ere, herrietako gune seguruak eta komunitatea babesten duten ekimenak aztertuko dituzte egunero bertatik dabiltzan emakumeen ikuspuntutik. “Emakumeen ikuspegitik bultzatuko dugu ikerketa, zainketa lanez ari garelako eta eurak direlako horiek burutzen dituztenak”, adierazi du ikerlariak.
Bi saio. Udalerrian dauden zaintza ekintzak eta espazioak zeintzuk diren jakiteko, bi tailer egingo dituzte. Horretarako, “metodologia berezia” erabiliko dute: ibiltari zaintzaileen egunerokoa. Metodo horrek defendatzen du egunero herritik dabiltzanak direla herria zelan zaindu behar den esateko ahalmena dutenak.
Hori horrela, ikerketa lanean parte hartzen duten emakumeek euren eguneroko ibilbidea marraztu beharko dute: “Emakumeen mugimenduak aztertuko ditugu, jendeagaz non elkartzen diren edota zaintzarako erabiltzen dituzten leku eta dinamikak aztertuz. Izan ere, landa-eremuan ez dago zaintzarako toki zehatz askorik”.
Lehenengo tailerrean nondik norakoak azalduko dizkiete parte hartzaileei. Eta maiatzaren 27an, behin marraztuta dituztenean, horiek komentatu eta horietatik ibilaldia egingo dute; 17:00etan Ariatzan jarri dute hitzordua. “Komunitatea egitea ere bada helburua. Oso polita izango da maiatzaren amaierako saioa, agian, guztiak baloratzen dituzten gauzak edo guztiak hautematen dituzten arriskuak agertuko direlako”.
Behin bi saioak burututa, ikerketarekin jarraitzea da asmoa, etxeko txikien ikuspuntua aztertuz. “Etxearen eta eskolaren arteko mugikortasuna nola hautematen duten ikustea bilatuko dugu; izan ere, ibilbide horretan zaintzaren dinamika asko ere identifika daitezke, ez bakarrik zaintza-espazioak”.