"Berdintasuna sustatu eta praktikatu beharreko kontua da"
Berdintasun politiketan aditua da Marixe Noya ondarrutarra, eta berdintasun politikak emakume eta gizonen arteko banaketan eta hierarkizazioan oinarritzen den errealitatean eragiteko tresna direla dio.
Berdintasun politikek zertarako balio dute? Ze onura dakartzate?
Berdintasun politikak emakume eta gizonen arteko banaketan eta hierarkizazioan oinarritzen den errealitatean eragiteko tresna dira. Emakume eta gizonen arteko arrakala gutxitzeko finkatutako helburu eta bultzatutako ekimenak dira. Panifikatuak izan behar dira, izango duten inpaktua aurreikusteko eta baloratzeko lana eskatzen dutelako. Horretarako, ezinbestekoa da gaian prestakuntza eta sentsibilizazioa izatea: gizarte ereduaren oinarrian dauden diskriminazioak identifikatu behar dira hauetan eragiteko, sistemaren mantentzerako duten funtzioa ulertu behar da. Hori ez da beti erraza izaten, gai honekiko erresistentziak handiak direlako, gure egunerokotasunean eragina duelako, gure harremanetan, gure identitatean…
Nork egiten ditu? Edo nork egin beharko lituzke?
Berdintasun politikak erakunde pribatu eta publikoek bultzatu behar dituzte. Legeak finkatzen du zein den berdintasun politiken markoa eta zeintzuk diren eragile bakoitzaren betebeharrak. Eremu publikoari dagokionez, administrazio publiko guztiek daukate berdintasunaren alde neurriak hartzeko betebeharra. Hori gauzatzeko beharrezkoa da arlo eta eremu guztien inplikazioa. Sarritan, Berdintasun Arloa duten erakundeek, berdintasun politiken garapena hauen esku uzten dute, gainontzeko arloetatik bultzatzen diren politikak berrikusi eta aztertu gabe. Planteamendu honetatik lortuko diren emaitzak mugatuak izango dira eta ez dute eragingo diskriminazioaren oinarrian dauden egiturazko elementuetan. Horregatik, esaten da berdintasun politikek badutela izaera dual hori, bi maila horretan garatu behar direlako. Alde batetik, politika espezifikoak bultzatuz eta, bestetik, egiten den politika guztian genero ikuspegia zeharkakotasunez txertatuz.
Berdintasuna politikak sustatzera nahikoa diru publiko bideratzen da?
Berdintasuna sustatzeko bideratzen diren baliabideak eremu politikoan hartzen diren erabakien ondorioa dira. Eta aldi berean, berdintasunak agenda politikoan betetzen duen tokiaren erakusgarrietako bat. Aspalditik mugimendu feministak aldarrikatzen duen “Bizitza Erdigunean” jartzearen beharra nabariagoa bihurtu da azken urtean, baina, erakundeen aurrekontuek ez dute bat egiten askotan hitzez defendatzen den behar honekin. Herritarren bizi baldintzak hobetzeko eta diskriminazio eta injustiziak borrokatzeko politikak “gastu” bezala ulertzen dira sarritan, eta, gainera, horietara bideratzen diren baliabideak urriegiak dira beti. EAEko erakunde publikoek bataz beste berdintasun politiken sustapenera bideratzen dituzten baliabideak ez dira iristen beraien aurrekontu orokorren % 0,5era. Eta hau oso esanguratsua da.
Zelakoa da gaur egun berdintasunaren errealitatea enpresa pribatu eta publikoetan? Berdintasuna errespetatzen da? Lehentasunezko irizpidea da erabakiak hartzerakoan edota ekintzak egikaritzean?
Berdintasuna ez da errespetatu beharreko zerbait, sustatu eta praktikatu beharreko zerbait baizik. Berdintasunaren aldeko ekimenek aurretiazko lanketa baten emaitza izan behar dira eta lanketa hori egiteko ezinbestekoa da prestakuntza izatea eta baliabideak bideratzea. Zaila egiten da, orokorrean, diskriminazio egoerak eta horien oinarriak identifikatzea, hauetako asko normalizatuta eta naturalizatuta ditugulako. Gizarte eredu honetan guztiz onartuta daude eta eraldaketarako erresistentziak handiak izaten dira. Berdintasunaren aldeko diskurtsoak areagotu diren arren (aurkakoak baita) honen aldeko neurri eraginkorrak hartzeak duen dimentsioa ez da ezagutzen eta asumitzen, bizitzaren eremu guztietan berdintasuna lortzeko, gure sistema sozial, politiko, ekonomiko, familiar eta abarren oinarriak astindu behar direlako.
Enpresa pribatuetan berdintasun politikak ezartzea enpresaren erabakia da. Asko dira azken hamarkadan estrategia horren alde egin dutenak?
Berez ez da enpresaren erabakia, 50 langiletik gorako enpresek betebehar legala dutelako, 2020ko 901/2020 Errege Dekretuan finkatzen den bezala. Beraz, nabaritutako gorakadak betebehar legalari erantzuten diola ondorioztatu genezake eta ez enpresetako erabaki organoen nahiei. Arriskua planaren lanketa “tramite” bihurtzea da. Helburuak eta ekintzak jasotzen dituen dokumentu bat izatea ez da hain zaila, hau betearaztea da benetako erronka eta horretarako baliabideak, lan egiturak eta dinamikak, eragileen inplikazioa erabaki hartze prozesuetan… bermatu behar dira.
Udalentzako berdintasun planak garatzen dituzu. Zein da horien helburua? Zein irizpide jarraitzen dira horiek sortzeko orduan?
Orokorrean eremu publikoan garatzen diren berdintasun planek Emakunderen plana hartzen dute oinarritzat. Baina plan hauek, administrazio publikoak EAEn duen egitura eta eskumenen banaketara moldatu behar dira, bakoitzak bere lan eremua duelako eta zenbaitetan ere, eremu berdinean 3 mailetako (autonomikoa, forala eta tokikoa) erakundeek partehartzen dutelako. Berdintasun planen helburua, hainbat eremutan ematen den emakume eta gizonen arteko arrakala gutxitzea da. Horretarako lortu nahi diren emaitzak eta abian jarriko diren ekimenak epe zehatz baterako plangintza baten jasotzen dira, bideratuko diren baliabide eta ekintza bakoitzaren ardura izango duen eragilea ere zehaztuz.
Berdintasun planak osatzerakoan, egiterakoan, herritarren partaidetza gero eta ohikoagoa da. Berdintasun politikak egiteko ere herritarren parte hartzea beharrezkoa litzatekeela uste duzu?
Herritarren inplikazioa ezinbestekoa da berdintasun politiken diseinu, jarraipen eta ebaluazioan. Partaidetza honek bi beharri erantzun behar liokela uste dut nik. Alde batetik badauka izaera pedagokiko bat: herritarren artean gaiarekiko kontzientziazioa lantzeko balio behar duelako, eta, aldi berean, erakunde publikoen funtzionamendua herritarrengana hurbiltzeko bidea izan behar litzatekeelako. Eta bestetik, ezinbestez, eragin nahi den errealitatearen ezagutza herritarrena delako hein handi baten. Zentzu honetan, ematen diren genero arrakalen inguruko ezagutza handiena, hauen aurka borrokatzen diren talde feministek dutela azpimarratu behar da, oinarrian dauden elementuak identifikatu eta hauen aurka egiteko proposamen zehatzak egiteko gaitasuna dutelako.
Noiz esan ahalko dugu berdintasuna dagoela? Zenbat geratzen zaigu helmugara heltzeko?
Nik ez dut uste helmugarik dagoenik, berdintasuna egunero gure txikitasun eta handitasunean hartzen ditugun erabakietan islatzen da, bizi garen eta eraikitzen dugun testuinguruan. Egunero egin beharreko borroka da, begiak eta burua irekita izan behar ditugu uneoro etengabe ematen diren diskriminazioen aurrean. Horretarako jarraitu beharreko bidea argi izatea da garrantzitsuena, jakinik, bide horretan mantentzea dela lortu beharrekoa.