Izaro Sub klubeko sei kidek Euskadiko Txapelketa jokatzeko txartela lortu dute
Maiatzaren 29an eta 30ean jokatuko dute Euskadiko urpeko arrantza Txapelketa, Ondarroan.
Bizkaiko Urpeko Arrantza amaituta, erabakita geratu dira Euskadiko Txapelketa lehiatuko duten Bizkaiko hamabi ordezkariak, eta horietatik sei Bermeoko Izaro Sub klubekoak dira. “Oso ondo dago kopuru hori, eta gainera, klubari indar gehiago ematen dio”, esan dute.
Maiatzaren 29an eta 30ean lehiatuko dute Euskadiko Urpeko Arrantza Txapelketa, Ondarroan. Egun batean, Ondarroa eta Deba artean ariko dira, eta beste egunean, Ondarroa eta Lekeitio artean.
Aurreko asteburuan Zierbenak hartu zuen Bizkaiko Urpeko Arrantza Txapelketaren bigarren eta azkenengo saioa. Lehenengoa Bermeon izan zen apirilaren 17an.
Bi jardunaldietan Getxoko urpekaritza klubeko Sergio de Julian nagusitu denez, bera da aurtengo txapelduna. Ivan Zamora geratu da txapeldunorde, eta Ander Bergara hirugarren.
Laugarren eta seigarren postuen artekoak klub bermetoarrekoak dira. Jon Mikel Bikandi laugarren sailkatu da, Lander Aurrekoetxea bosgarren eta Victor Mentxakatorre seigarren.
Zierbenan Bergara sailkatu zen bigarren, eta Izaro Sub-eko Jon Gonzalez hirugarren. Laugarren sailkatua Mentxakatorre izan zen.
Aurrekoetxea zortzigarren sailkatu zen Zierbenan, eta haren berbetan, itsasoa bare-bare egon zen. «Eremu horretan arrain gutxiago egoten da normalean, ez da eremu oso handia eta apur bat txiki edo labur geratzen da. Arrain gutxi egon zen. Betiko arrainak hartu genituen: lazkunak, muxarrak, aingirak, abadejoren bat, bi lupin…»
Bizkaiko txapelketan parte hartu duten emakumezko bakarrak Izaro Sub-ekoak dira: Yaiza Romero eta Itxaso Urkidi. Azken horrek lehenengoz parte hartu du txapelketan. “Ea aurrerantzean neska gehiago animatzen diren halakoetan parte hartzera”.