Ereindako hazia loratzen ari da
Urtebete igaro da Busturialdeko lehen sektoreko 11 ekoizlek Baserritik Gernikara plataforma sortu zutenetik, eta erantzunagaz «oso pozik» daude. Hala ere, proiektua are gehiago zabaldu gura dute.
Busturialdeko ekoizleek iaz ereindako haziak eman du fruitua. Pandemia bete-betean martxan jarritako Baserritik Gernikara plataformak eskualdean zehar baserriko hamaika produktu banatu ditu, eta horretan jarraitzeko asmoa dute lehen sektoreko ekoizleek.
Iaz jarri zuten martxan www.baserritikgernikara.eus webgunea eta urtebeteko balorazio “oso positiboa” egin dute, bai kuantitatiboki zein kualitatiboki. Izan ere, urtebetean, 56.000 euro fakturatu dituzte, eta urtean zehar 300 pertsonatik gorak egin dute eskaera bat baino gehiago. Espero zutela erantzuna diote, eta, gainera, proiektua “handitu eta zabaldu” daitekeela uste dute. “Jende askok ez du proiektua ezagutzen, eta uste dugu hazten jarraitzeko tarte asko daukala oraindik”.
11 ekoizlek erein zuten lehen hazi hori, baina gaur gaurkoz hamalau dira euren ortu, baserri edota enpresetan ereindakoak plataforman eskaintzen dituztenak. «Horiez gainera, une jakin batzuetan plataforma erabiltzen duten beste ekoizle batzuk ere badaude; intxaurrak dituztenak esaterako», azaldu dute ekoizleek eta Baserritik Gernikara espazio zabala eta irekia dela azpimarratu dute.
Hain zuzen ere, erabakiak bileretan eta denen artean hatzen dituzte: “Elkarlanean eraikitako proiektua da eta hala hartzen dira erabakiak. Ez da bakarrik norbere produktuak saltzeko leku bat, ekoizle guztion produktuak saltzekoa baizik. Ekoizle bakoitzak produktu desberdinak ditu, eta normalean produktu desberdinak ereiten ditugu. Hala ere, produktu bera izanez gero, adostasunera helduz erabakitzen da zeinena jarri erosteke. Bakoitzaren beharra zelakoa den edota ekoizle handiagoak edo txikiagoak diren hartzen dugu kontutan. Gurean txikiek beti dute lehentasuna eta handiek eskuzabaltasunez jokatzen dute”. Hori dela euren elkarlanaren oinarria diote, euren DNAan dagoena. “Oso polita da ikustea lehialtasunaz haratago badagoela produktuak merkaturatzeko eredua ere”. Gainera, ekoizle bakoitzak erabakitzen du bere produktuen prezioa.
Pausoz pauso
Ekoizleen artean aurretik zegoen elkarlana baliatuz, iaz jarri zuten abian proiektua. “Konfinamendu sasoian arrankatu genuen proiektua, baina lehendik existitzen zen ekoizleen arteko saretzeren ondorioa da. Eskola jantokiak hornitzeko proiektuak sortutako mugimenduak eragina izan zuen ekoizleengan, eta horrek ahalbideratu du proiektu hau”. Izan ere, jantokietan zerbitzatzen zutenaz aparte, etxeetara salto egin behar zela uste zuten ekoizleek.
Horrez gainera, merkatu plazako produktuak astelehenetan erosi ezin dituztenei ere horiek erosteko aukera eskaini gura izan diete: “Plaza zahartzen dabil eta aldaketa bat behar du; aldaketa hori leku askotatik etorriko da. Historikoki astelehenetan egin ohi izan da merkatua eta horrek hala izaten jarraitu behar du. Baina uste dugu aukera bat eman behar geniela plazara joan ezin dutenei. Horretarako plaza etxera eramatea pentsatu genuen”.
Bi faktore horiek azken urteetan “oso presente” izan dituzte ekoizleek, baina pandemiak proiektua abiaraztea lortu zuen: “Plaza ere geldi zegoen. Eta egin behar zen proiektua zen Baserritik Gernikara. Pandemia ez zen aitzakia izan, abiarazlea baizik. Prozesua arindu zuen. Proiektu batzuei saka egin behar zaie, eta hori izan da gure kasua”.
Lehenengo asteetan gainezka egin zien proiektuak. “Gauzak moldatzen, aldatzen eta egokitzen joan gara”. Eskaera askogaz hasi zuten bidea, baina uda garaian eskaerak gutxitu ziren, itxiera perimetrala amaitzearen eta oporraldiaren ondorioz. Hala ere, irailean berreskuratu zituzten eskariak.
Udan, baina, eskaerak batzeko leku fisiko baten beharraz ohartu ziren, eta Errenterian jarri zuten: “Bizisare elkartera jo genuen eta euren erantzuna oso positiboa izan zen eta asko lagundu digute. Espazio bat egokitu zuten, uztailean zabaldu genuena. Jendearen elkargune bihurtu da. Ekoizle eta kontsumitzaileak batzekoa, errezetak trukatzekoa, produktuei buruz berbetakoa… Leku polita da elikadura subirautzari buruz aritzeko. Ekoizleen sare bat bagenuen, baina orain sare horri kontsumitzaileak gehitu zaizkio”.
Baserritik Gernikara elikadura propioko estrategiaren barruko pieza bat gehiago dela diote, bertoko pieza bat. “Plaza izan daiteke bat, Lurgozo beste bat, eta hau beste bat. Elikadura sisteman, lokalean, proiektu berrien jaiotza garrantzitsua da, ekoizleei ahalik eta aukera gehien emateko. Bakoitzak bi merkatu aukera baditu, hirugarren bat gehitzea asko da”. Izan ere, ekoizle gehienek sare laburreko merkaturatzea dute: “Sare laburreko merkaturatzeak bitartekariak murrizten ditu. Aukerak zabaltzea da asmoa. Sare hori gure artean indartzen gabiltza. Horretarako, elkarrekintza oso garrantzitsua da”. Bide hori erabilita lortzen dituzten irabaziak gehiago dira.
Gaur gaurkoz, «oso positiboa» dela lortu dutena diote, “ez bakarrik produktuak zabaltzeko aukeragatik, baita produktuak zein bidetatik zabaltzeko aukeragatik ere”.
Aurrera begira
Ereindakoagaz pozik daude, baina gehiago landatu gura dute. Eta badituzte aurrera begirako proiektuak. Izan ere, behin eskariak eginda, Gernikan batu behar dira. Etxez etxeko zerbitzua ere badute, baina bakarrik udalerrian. Hori zabaltzea da, hain zuzen, martxan jarri gura dutena: “Gernikarra ez denak ez du aukerarik produktuak etxean jasotzeko, eta gure ideia da herri batetik lauzpabost lagunek eskaerak eginez gero, era erdi antolatuan herri horietara zerbitzua eramatea. Herriz herriko dinamikak bultzatu gura ditugu”. Halaber, eskariak batzeko leku gehiago finkatu gura dituzte, enpresetan eta eskoletan.
Sare sozialetan ere presentzia izan gura dute, eta horretarako edukiak prestatzen dabiltza. “Ekoizle eta kontsumitzaileen arteko harremanak egonkortzeko eta sustatzeko aukerak dira”.
Produktuak badituzte, eta oraindik probatu ez dutenei Baserritik Gernikarako produktuak eskatzeko deia egin diete.