EH Bilduk saihesbiderako lotura hobetzeko 11 proposamen egin ditu
Bermeoko Udalean aurkeztu dituzten proposamen horietan, herritarrek aipatutako hobekuntzak sartu dituzte, bai eta ere alderdiak ingurua aztertu ostean identifikatutakoak.
Bermeoko EH Bilduk jakitera eman duenez, saihesbidea eta herrigunea batzen dituen lotura aztertu eta berrikusi dute. Horien arabera, hobetzeko aukerak daude, “herritarren segurtasuna eta bizi-kalitatea hobetu asmoz”. Modu horretan, 11 proposamen aurkeztu dituzte Bermeoko Udalean.
Aurkeztu dituzten proposamen horietan kontuan izan dituzte herritarrek aipatutako hobekuntzak, bai eta ingurua aztertu ostean alderdiak identifikatu dituenak ere.
Semaforoak erregulatzeko proposamena da horietako lehena. Uste dute, gainera, abiadura gutxitzeko seinaleak jartzea ondo legokeela edo “egoki ikusiz gero” arekak jartzea.
Erreinezubi 2 zenbakiaren aurreko edukiontziak lekuz aldatzea ere proposatu dute, “hango bizilagunak erosoago atera daitezen ataritik”. Kale berean, bestalde, Bermibusaren geltokian, herritarrak zain egoteko eserlekuak jartzea ere eskatu dute.
Aipatu dute Ander Deunatik doazen autoek semaforo bat eta Stop seinale bat daukatela zebrabidearen ostean; “ez dauka zentzu handirik”. Horregatik, teknikoekin aztertzea gura dute. Uste dute teknikoekin aztertu beharrekoa dela baita ere Askatasun Bidetik Trake kalera joateko dagoen pasatzen uzteko seinalea.
Kamioientzako seinaleak. Zarragoitxirako sarreran dagoen biribilgunea kentzea edo beste alternatiba bat bilatzea ondo legokeela uste du EH Bilduk, “mugikortasuna hobetzeko”.
Elkano-tar Juan Sebastian kaleko norabidea aldatzeko aukera “sakon aztertzea” ere eskatzen diote udalari. Saihesbidearen sarrerako biribilgunean, bestalde, segurtasuna hobetu beharko litzateke koaliziokideen iritziz:”Saihesbidetik datozen ibilgailuak abiadura handiagaz datoz. Seinaleztapen egokia behar da gune horretan”.
Era berean, kamioiak herri barrura ez sartzeko seinaleztapen egokia jartzeko beharra ikusi dute herriko sarreretan, “baita ere webgune eta mapa digitaletan berritasunak eguneratzea”.
Azkenik, gunea aztertzen ibili ondoren ikusi dute Trake kaletik ibilgailu askok Ondarrabururantz egiten dutela; “gero atzera-martxa egin behar dute”. Hori ekidin asmoz, koalizio abertzaleak uste du neurriak aztertzea “komeni” dela.