Eguneroko gaiak komunetik kontatuko ditu Hatzamarkak
Astran izango da ikuskizuna, domeka arratsaldean. Ikuskizunak hausnarketara eramango ditu ikusleak. Hainbat diziplina biltzen ditu obrak, proiekzioak barne.
Hatz(a)marka kolektiboaren liburuko hainbat poemetatik abiatu da Komunetik ikuskizuna. Gernika-Lumoko Astran izango da ikusgai, domekan, 18:00etan hasita.
Iruñeko Udalak emandako beka bat abiapuntu, zerbait berezia egitea pentsatu zuen kolektiboak. Komunetik da emaitza, intimitateaz eta eguneroko hainbat gauzei buruz hitz egingo duen ikuskizuna. «Ezerk gutxik elkartzen gaitu gizakiok komunak egiten duen moduan. Denak pasatzen gara zulo horretatik, era askotako beharrak asetzeko edota atontzeko, eta oharkabean, gogoetarako une bihurtzen ditugu komunean pasatzen ditugun momentuak», diote egileek.
Komuna leku intimoa delako, gizakiak batzen dituena eta hain sinplea aldi berean. Halaber, norberarekin egoteko lekua ere bada, nork bere buruarekin topo egiteko tokia, eta hori ere publikoarekin konpartitu gura dute Hatzamarka kolektiboko kideek, obra berri honekin.
Diziplina anitzekoa. Pertsonek komunean igarotzen dituzten momentuak erreflexiorako baliatu nahi ditu kolektiboak. Idoia Tapiak egingo du dramatizazio lana, eta horretarako Garaikiderako propio sortutako testuan oinarrituko da. Bestalde, antzezpenari soinu banda emango dio Bapateko Orkestrak. Horrez gain, ikuskizunak proiekzioak ere izango ditu. Hala, etzi Astran ikusi ahalko den Komunetik antzezlana diziplina arteko emanaldia izango dela zehaztu dute egileek.