1.500 metrotan bere marka hobetu du Markel Aranok
Markel Arano atleta natxituarrak Euskadiko Txapelketa lehiatu, eta 1.500 m-ko proban bere marka hamar segundotan hobetu du.
Markel Arano natxituarrak Euskadiko Txapelketa lehiatu zuen domeka arratsaldean, Basauriko pistan. 1.500 m-ko lasterketan seigarren sailkatu zen; bere marka hamar segundo hobetzea lortu zuen, 06.06 denboran amaitu zuen proba.
Natxituarraren esanetan, “espero baino hobeto” aritu zen Basaurin: “Sentsazio onak eduki nituen, espero baino hobeto sentitu nintzen. Distantzia luzeetarako entrenatzen ari naiz, eta halako distantzia laburragoan uste nuen gehiago sufrituko nuela”.
“Talde berdinean joan ginen Mikel Gartzia eta biok, eta berak Europako errekorra gainditu zuen, 06:05. Hamazazpi segundotan jaitsi zuen Europako marka. Lasterketa guztia alkarregaz egin genuen. Horrez gain, beste bik Espainiako errokorrak gainditu zituzten: Tania Castillok 100m eta 200m-koa gainditu zituen eta Daniel Orujuelak kilometro batekoa”, azaldu du Aranok.
Bi aste barru, maiatzaren 16an [domeka], Basauriko Nazioarteko Meetinga egingo dute, eta Aranok 5.000m-ko proba lehiatuko du. Bere helburua 23 minututik beherako denboran egitea dela zehaztu du: “Ahal badut hori izango da helburua, eta egiten dudana egiten dudala, betiko moduan ahalik eta gehien gozatzea”. Denboraldi honetako bere helburu nagusia den urriko Bilboko maratoia prestatzen ari da, baina bitartean sortzen zaizkion aukerak aprobetxatuko ditu: “Taldeari eta taldekideei lagundu ahal badiet pozik egingo dut, zelan ez”.