"Memoriaren hatsa, euskara"
Euskararen aldeko mezuak gordetzen dituen kutxa heldu da Gernika-Lumora. Atzo heldu zen udalerrira Kutxa Bira egitasmoa, eta gaur Lekeitiorainoko bidea egingo du. Euskara garrantzia nabarmendu dute Gernika Batzordeko kideek.
Plentziatik Gernika-Lumora, bakearen hiritik Lekeitiora eta kostako herritik Larrabetzura. Euskararen aldeko mezuak daramatzan kutxak bere bidea egiten jarraitzen du. Bizitza erdigunera eraman behar dela uste dute Iparra Hegoa taldekoek, baina baita Euskal Herria ere. Hausnarketa horretatik abiatuta, Kutxa Bira egitasmoa jarri zuten abian martxoan. Hain zuzen, euskararen aldeko ekitaldi batzuk bertan behera geratzearen “galera emozionalak” konpentsatzea du xede Iparra Hegoak antolatutako ekinbideak.
Viedmanetik (Argentina) abiatu zen kutxa martxoaren 20an, eta atzo iritsi zen Gernika-Lumora. Gaur, Gernikatik Lekeitorainoko eta handik Larrabetzurainoko bidea egingo du. Antolatzaileek zehaztu dutenez, Viedmako Aberri Etxea euskal etxetik abiatu zen kutxa, “diasporari ahotsa emateko asmoz”, eta Seguran amaituko du bere bidea maiatzaren 30ean. Guztira Euskal Herriko eta diasporako 70 herritatik baino gehiagotik igarako da.
Barruan euskarari lotutako hainbat mezu dituen kutxa da biraka dabilena. Kutxak zeharkatzen dituen herrien ametsak jasotzen ditu. Atzo Plentziatik bizikleta gainean heldu zen kutxa Gernika-Lumora, eta Gernika Batzordearen mezua darama orain bere barruan. Memoriaren hatsa dela euskara argi adierazi zuen Sabin Ibazeta Gernika Batzordeko kideak: “Suntsitu, erraustu nahi gintuzten arren, bizi gira. Eta, gainera, euskaraz bizi gara. Nahiz eta batzuek euskara erlikia baltsamatu gisa ikusi nahi izan zuten, eta beste batzuek bonbek mutututa, gure memoriaren hatsa euskara da. Euskaraz zabaltzen dugu lau haizeetara gure memoria, gure memoriak”.
Memoriaz betetako egurrezko kutsa Gernikara iritsi zen, itsasoz bestaldetik Euskal Herrira. Eta hegotik iparrerako bide horretan, iparra eta hegoa koordenada geografikoak bakarrik izateari utzi eta “memoriak transmititzeko eta partekatzeko korridore” bihurtu behar direla uste dute batzordekoek. Hori baita, euren ustetan, herrigintzarako ardatz ezinbestekoa: “Memoriaren ibilbide kulunkariak estela luzea utzi digu, baina ezabatzen ez den horietakoa, memoria tematia delako ahaztu nahi dutenentzako ere. Gernikaren marka sakonegia da ahaztuzaleek berdindu ahal izateko. Zu, Egurrezko kutxa memeoriaz betea Gernikan, ideia hori indartzera etorri zara”.
Gernikako ekitaldia bertsolariek berotu zuten atzo; Koldo Gezuraga, Ibai Amillategi eta Julen Arzanegi egon ziren Gernikan. Gutunaren aurrean, gainera, aurreskua dantzatu zuten eta abestiak ere ez ziren falta izan.
Gaur, Gernika-Lumotik Lekeitiora eramango dute kutxa, eta han Lekeitioko Aittittaa txiki kultur taldeak hartuko du Gernika Batzordearen lekukoa. Euren mezua sartuko dute kutxan.