Herriko merkataritza eta ostalaritza suspertzeko bono kanpaina martxan dago
Gernika-Lumoko Turismo Bulegoan erosi ahal izango dira bonoak, eta ekainaren 30era bitartean erabili ahalko dira. Udalak martxan jarri duen hirugarren bono kanpaina da honakoa.
Udalak Gernikako Merkatari, Ostalari eta Zerbitzu Enpresen Elkarteagaz lankidetzan, Nik Gernikan bono kanpaina berria jarri du martxan. Herriko merkataritza eta ostalaritza suspertzeko eta sendotzen laguntzeko helburua du kanpainak, COVID-19aren pandemiak sortutako krisiak bereziki kaltetu baititu sektore horiek. Udal agintariek jakinarazi dutenez, ekainaren 30an amaituko da kanpaina.
Pandemiaren ondorioek udalerriko merkataritza eta ostalaritza sarean izan duten eragina arintzeko eta herriko ekonomia suspertzeko languntza-estrategiaren barruan kokatu du udalak hirugarren bono kanpaina. 113.200 euro inbertitu ditu horretarako, kanpainak herrikoekonomia eta herritarren dinamismo sozioekonomikoa sispertzen lagunduko duela uste baitu: “Kanpainaren onurak ere jasoko dituzte herritarrek, bonu horiei esker deskontu interesgarriak izango baitituzte”.
Gernika-Lumoko Turismo Bulegoan erosi ahal izango dira, eta 18 urtetik gorakoek eskuratu ahal izango dituzte.
Berritasunen artean, ostalaritza bonoak daude. Izan ere, kanpainan parte hartzen duten establezimenduen artean banatuko dira zuzenean; 80 tabernak egin dute bat ekimenagaz, eta bakoitzak 200 bono izango ditu eskura.
Ostalaritza bono bakoitza 2 eurotan erosi ahal izango da, eta 5 euroko kontsumo balioa izango du. Bonu horiek erosten diren establezimendu berean kontsumitu beharko dira, eta gehienez bi bonu erabili ahal izango dira tiket bakoitzeko. Bonu horiek ekainaren 30era arte erabili ahalko dituzte.
Merkataritza bonoa, berriz, dendetan, zerbitzu estetikoetan eta ile-apaindegietan kontsumitzeko da. Bono horiek 20 euroren truke erosi ahalko dira, eta 30 euroko erosketa balioa izango dute. 18 urtetik gorako pertsona bakoitzak bi bonu lortu ahal izango ditu gehienez. Erosketa txartel bakoitzeko bonu bakarra trukatu ahal izango da, eta horiek erabiltzeko epea ekaianaren 30era bitartekoa izango da atxikitutako establezimenduetan.