Martxan dago Bizkaiko Eskolarteko Bertsolari Txapelketa
Bihar, etzi eta maiatzaren 10ean jokatuko dira kanporaketak; azken hori Gernika-Lumoko Astran izango da. Maiatzaren 29an lehiatuko dute finala Igorreko Lasarte Aretoan.
Joan den astean hasi zen Bizkaiko Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren idatzizko fasea ikastetxeetan, eta bihar hasiko da bat-batekoa Getxon.
Bat-bateko txapelketan Bizkaia osoko 23 parte hartzaile egongo dira, eta hiru kanporaketetan kantatuko dute. Getxoko Azebarrin izango da biharko saioa, Durangoko Kurutziaga Ikastolan etzikoa eta Gernika-Lumoko Astran maiatzaren 10ekoa. Saio guztiak hasiko dira 17:00etan.
Finala, maiatzaren 29an. Bizkaiko Eskolarteko Txapelketako bat-bateko finala maiatzaren 29an jokatuko da Igorreko Lasarte aretoan. Saioa 11:30ean hasiko da eta bertan jakinaraziko dira idatzizko txapelketako irabazleak zeintzuk diren ere.
Bizkaiko Bertsozale Elkartekoek azaldu dutenez, saio guztiak denon osasuna bermatzeko neurriak hartuta jokatuko dira.