Langileen aldarriak, kalean
Maitzaren Lehenean LABek mobiliziazioa egin zuen Gernikan, eta greba orokorrerako garaia dela esan zuen. ELAkoak hiriburuetan batu ziren, eta eskubide gehiago eta murrizketa gutxiago dakarren ereduaren alde egin zuten.
Maiatzaren Lehenean langileen aldarrikapenak ozen entzun ziren herriko kaleetan. Iazko deialdi birtualetatik kaleetara egin zuten salto beharginek. Eraldaketarako garaia zela esan zuten LABek eta ELAk deialdietan, eta hala berretsi zuten zapatuetako mobilizazioetan. Hiriburuetan batu ziren sindikatuetakoak, baina LABek deialdi bereziak egin zituen eskualdeka, tartean Gernika-Lumon.
Mezu argia eta zuzena bidali zuen LABek: “Egoerak beste greba orokor bat eskatzen du, eta LAB greba orokorrerako adostasunak sortzen hasteko prest dago”. Pandemiaren osteko garaian “indartsu sartzeko” litzatekeela greba adierazi zuten sindikatuko ordezkariek, baita egungo politika publikoen norabidea aldatzeko ere. “Langileen borrokan mugarri berriak jarriko ditugu, greba eta mobilizazio berriei baietz esango diegu, eta borroka batzuen eta besteen konfluentziak bilatuko ditugu”.
Izan ere, ez dela enplegu duinaren aldeko apusturik egin salatu zuen LABek zapatuan: “Ez dago zerbitzu publikoak indartzeko asmorik, zaintza krisian dago, eta krisi ekologikoak irtenbiderik barik jarraitzen du. Kapitalismoan, langileak ez gara demokrazian bizi. Sistema hau luzatzeko patronalak esku-eskura ditu estatuaren botere bortitz guztiak, legegilea, judiziala eta poliziala”.
Horren aurrean, sindikatuak badituela estrategiak azaldu zuen. “Bizitza duinaren bidean jarri beharko ditugu gure estrategiak, eta kapitalaren gainetik, langileon bizitzak jarriko ditugu”, adierazi zuten, eta sindikatuaren ikur diren bi egitasmoen premia gogoratu zuen: Euskal Herriko Lan Kodea eta Gizarte Segurantzarako lege propioa. “Aldaketa ez da egun batetik bestera gertatuko, eredu zaharretik eredu berrira trantsizioa egin behar da, trantsizio ekosoziala eta feminista. Hori da alternatiba”.
Hori horrela, enplegu duinaren, zerbitzu publikoaren, zaintza sistema publiko eta komunitarioaren alde eta pentsioen defentsan jarraituko du lanean sindikatuak, betiere mugimendu feministaren, pentsiodunen eta gazteen bidelagun izanez. LABen mobilizazioan hainbat kolektibok parte hartu zuten: gazteek, emakumeek, pentsiodunek… eta denen aldarrikapenek izan zuten euren lekua.
Zaintza arloko langileek zaintza arlorako neurri konkretuak eskatu zituzten, zaintza eredua eraldatzea “urgentea” delako. “Erraza da esatea zaintza langileak funtsezkoak garela eta gure lanik barik bizitza ezineskoa dela. Askotan esan da azken urte honetan, baina neurri konkretuak behar ditugu. Zaintza sistema publiko eta komunitario bat behar dugu, denona eta denontzat izango dena. Zerbitzu publikoak bermatu behar dituzte agintariek, hurbileko zerbitzuak, autonomia sustatuko dutenak eta egoiliar eta senideen parte hartze zuzena dutenak. Pertsona guztiok behar dugun arretaz eta denboraz eskaintzen den kalitatezko zaintza behar dugu. Baina horretarako baliabideak eta inbertsioak behar dira”.
Bertan izan ziren pentsiodunak eta gaurko eta biharko pentsiodunen aldeko botikarik eraginkorrena “borroka” dela esan zuten, eta euren pentsioen alde egiten jarraituko dutela adierazi zuten astelehenero.
Gazteek euren egoera “larritu besterik ez dela egin” salatu zuten: “Baina badakigu arazoa egiturazkoa eta estrukturala dela. Kapitalismoak irabaziak akumulatzen jarraitzeko langile klasearen eta gazteon prekariezazioan sakontzen du, gazteria sektore kolpatuenetako baten modura utziz. Alarma egoera amaituko da baina gazteok larrialdi egoeran jarraituko dugu”. Gazteen kasuan langabezia tasa igo egin dela azaldu zuten eta emantzipatzeko “ezintasuna” salatu. Hori horrela, eurei ere eredu aldaketaren alde egitea dagokiela uste dute, “publikoaren defentsan eta gazteentzako lan baldintza duinen alde”. Halaber, gazteak Tubacex, Aernnova edo Unibertsitateetako langile garbitzaileen borroketara batu direla adierazi zuten: “Gure elkartasuna adierazi eta borroka bakoitzean euren ondoan egongo garela argi diogu”.
Aurten lanean hildako 18 langileak ere gogoratu zituzten ekitaldian; lora eskaintza eta agurra dantzatu zieten.
ELAk ere “aldaketarako garaia” dela aldarrikatu zuen, 2008ko krisiaren formulak ez errepikatzeko. Hori eragozteko, “ezkerreko atea” joko duela esan zuen Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak Bilbon: “Eskubide gehiago eta murrizketa gutxiago dakarren atea”. Sindikatuak azken hilabeteetan egindako eskerien garrantzia azpimarratu zuen Lakuntzak.
Erreforma fiskala ezinbestekoa dela gogoratu zuen, “krisi honetako faktura zeinek ordainduko duen baitago jokoan”. Idazkari nagusiaren berbetan, “gehien dutenek gehiago ordaindu” behar dute.
Europako funtsak ere aipatu zituen, horien “isilpekotasuna” salatuz. “Murrizketak eragingo dituzte. Bruselak emandako aginduei jarraituz, Espainiako Gobernuak pentsioak urritu nahi ditu, eta erretiroa hartzeko aukera atzeratu. Europako Batasunaren trantsizio ekologiko delakoak multinazionalen makroproiektuak lehenesten ditu, murrizketatean oinarritutako aurrekontu politikak ezartzearen truke”. Hori horrela, EAJri eta EH Bilduri Madrilen “ez saltzeko” eskaria egin zien, eta Espainiako Gobernuarekin egon daitezkeen harremanetan bi muga jarri zituen: “Ez dugu onartuko eragozpenik gure hitzarmenak Euskal Herrian negoziatzeko. Euskal hitzarmenak hobeak badira, ez da kasualitatea: hemengo errealitate sindikala ezberdina delako da. Eta, bestetik, kaleratze kolektiboak daude eta ez da onargarria enpresek jendea hain erraz kaleratzea”.
Gainera, Euskal Herrian “garrantzia” duten auziak Euskal Herrian bertan erabaki beharko liratekeela aldarrikatu zuen ELAko idazkari nagusiak, baina Jaurlaritzari esan zion, gaur egun ez dagoela horretarako mahairik.