Aldundiak 35 milioi euro inbertituko ditu Sollubeko errepidean
Bermeoko Udalak "atsegin handiz" hartu du Bizkaiko Foru Aldundiak zabaldu duen berria. Diotenez, bi erakundeen arteko lanaren fruitua da.
Bizkaiko ahaldun nagusi Unai Rementeriak azaldu duenez, Bizkaiko Foru Aldundiak ekitaldi honetarako onartutako aurrekontuetan agertzen ez ziren 120 milioi euro osagarri inbertituko ditu Bizkaian, “pandemiaren ondorioz Bizkaia gelditu ez dadin”. Esan duenaren arabera, jarduera, enplegua eta eraldaketa sortzera bideratuta dauden proiektuak dira, eta aldundiaren defizit-ahalmena erabiliz finantzatuko dira.
Rementeriak jakitera eman duenez, 120 milioi euro horietatik, aldundiak 35 milioi euro inbertituko ditu Sollubeko errepidean, hain zuzen ere, BI-631 errepidean. Lanok Bermeok Mungiarekin eta Txorierriko korridorearekin duen lotura hobetzera bideratuta daude. Hala eta guztiz ere, Rementeriak nabarmendu du, hobekuntza hori egiteak ez du esan nahi aldundiak Sollubeko tunelei uko egiten dienik.
Bermeoko Udalak “atsegin handiz” hartu du Bizkaiko Foru Aldundiak Sollubeko konektagarritasuna hobetzeko egin duen iragarpena. “Udal Gobernuaren agintaldiko ezinbesteko helburuetariko bat Sollubeko konektagarritasuna hobetzea izan da. Bi erakundeen arteko lanaren fruitua da honakoa. Bermeotarron bizi kalitatea hobetzeko eta gure herri eta eskualdearen garapenerako epe labur-ertainean Sollubeko konektagarritasunean hobekuntzak burutu behar ditugu, eta iragarpen hau aurrerapauso nabarmena da”, esan du Bermeoko alkate Aritz Abaroak.
Udaletik jakitera eman dutenez, tunelen proiektua gauzatzeko Europako finantzaketa helduko den jakin bitartean, eta bermeotarrak Sollubeko konektagarritasuna hobetzeko hainbat urte itxaroten daramatzagula kontuan hartuz, Bermeoko alkateak gai honen gainean konpromisoa eskatu zion ahaldun nagusiari, “nolabaiteko konponbidea lortzeko”.
Aipatu dutenez, erakunde bien arteko elkarlanaren fruitu izan dira joan den hilaren 19an zabaldu zen saihesbidea eta herrigunearen arteko lotura berria, oraintsu zabaldu berri den udal igerilekuko beirate berria eta Bermeo-Mungia-Bilbo A3527 Bizkaibus lineako hobekuntzak. Hala, lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du udalak, izan ere, “mahai gainean badituzte etorkizunera begirako beste hainbat proiektu”.
Bermeoko alkatea datozen asteetan batzartuko da ahaldun nagusiagaz Sollubeko konektagarritasunaren “gai garrantzitsu” horren inguruan urrats gehiago emateko.