Aldaketaren alde egingo dute sindikatuek Maiatzaren Lehenean
LABek Gernikan egingo du mobilizazioa, eta ELAk hiriburuetan. Pandemiak inoiz baino ageriago utzi duela "eraldaketarako premia" uste dute LAB eta ELAk.
Pandemiak inoiz baino ageriago utzi duela “eraldaketarako premia” uste dute LAB eta ELA sindikatuek, gizarte desberdintasunak areagotu dituelako. Aldaketa dela aukera dio LAB sindikatuak, eta aldaketa garaia dela berretsi du ELAk. Izan ere, egungo sistema “kapitalista eta heteropatriarkalak” prekarizazioa bultzatzen duela uste dute: “Arrakala sozialak areagotzen ditu, eta sektore eta zerbitzu publikoak ahultzen”.
Aurten ere ezohikoa izango da Maiatzaren Lehena. Iaz, sare sozialetan eta etxeetako balkoietan ospatu zuen eguna langile mugimenduak; aurten kalera aterako dira, baina neurriek dakartzaten mugekin. Lea-Artibai eta Busturialdeko LABek mobilizazioak deitu ditu zapatuan 12:00etan Ondarroan eta Gernika-Lumon, Zaldupeko Zubian eta Foruen plazan. Halaber, kotxe karabanak egingo dituzte eskualdeka. ELAk, bere aldetik, lau hiriburuetan deitu ditu langileak mobilizatzera. Bilboko mobilizazioa 11:30ean abiatuko da.
Lekeitioko herri mugimenduak martxan jarritako dinamika batek zapatuko 18:00etarako mobilizazio bat deitu du udaletxetik hasita, Lekitton duintasunez bixi! lelopean. Mutrikun ere herriko eragile desberdinek deituta, mobilizazioa egingo dute zapatuan; Goiko Plazan jarri dute hitzordua, eta mobilizazioa amaituta, ekitaldia egingo dute.
“Gaur egungo sistemari ezin zaio eutsi, ez sozialki, ez ekonomikoki, ez ekologikoki. Aldaketak saihestezinak dira. Jokoan dagoena, eztabaidagai dagoena, aldaketa horiek zein norabidetan egin behar diren da, eta horretara bideratu behar dira politika publikoak. Kapitala edo bizitza aukeratu behar da”, adierazi du LAB sindikatuak, eta zaintza, lana, bizitza eta herria jarri ditu eraldaketaren oinarrian.
LABen aldarriak. Pandemiak “zein eratako zaintza den beharrezkoa” agerian utzi duela diote, eta gaur egungo sistemak ez dituela bizitza duinak izateko behar diren euskarriak ematen salatu dute: “Pandemiak agerian utzi ditu bizitzari eusteko funtsezko lanak zeintzuk diren, eta kasu gehienetan emakumeek modu prekarioan gauzatzen dituztenak dira. Enplegu horiek duintzeko neurririk ez da hartu. Orain, inoiz baino gehiago, zerbitzu publiko horiek defendatu behar ditugu”.
Koronabirusaren ondorioak ez direla osasun krisi batera mugatu dio sindikatu abertzaleak, lan baldintzak eta bizi baldintzak ere “zeharo okertu” dituelako. Lan-erreformen ondorioetako bat enplegua suntsitzea oso erraza dela azpimarratu dute sindikatu abertzalekoek, eta, enpleguaren galera horren aurrean, erakundeek langileak bazterrean utzi dituztela gogor kritikatu dute. “Sindemia bihurtutako pandemian kapitalaren interesak lehenetsi dira. Lan eskubidearen alde eta lan suntsiketaren kontra antolatu behar gara, eta gure sindikatua prest dago horretarako. Aktibatuak ditugu alarma guztiak, eta fase berrirako estrategiak eta proposamenak gure agendaren parte dira”. Langileriaren komunitatea “indartzea, hauspotzea eta zaintzea” bilatuko dutela diote, “ezkerreko independentismoa aktibatuz” eta trantsizio ekosoziala eta feminista aldarrikatuz.
Eredu aldaketa horren bidean, kapitalak sortzen dituen arazoei aurre egin behar zaiela uste dute LABekoek, baina norabide aldaketa hori herrialde bakoitzetik bultzatu behar dela uste dute: “Euskal Herrian norabide aldaketa hori ezkerretik gidatu behar da, langileen parte-hartzearekin eta herri burujabetza prozesuan sakonduz. Badagoelako Euskal Herrian borroka egiteko esparru sindikal, sozial eta politikoa”.
ELAren ikuspegia. Zirt edo zart egiteko garaia da ELAkoentzat. “Datozen aste eta hilabeteetan hartuko diren erabakiek markatuko dute krisialdiari zer nolako irteera emango zaion”, diote. Erabaki horien artean dago Europako Batasunaren suspertze funtsen banaketa. “Murrizketak eragingo dituzte. Bruselak emandako aginduei jarraituz, Espainiako Gobernuak pentsioak urritu nahi ditu, eta erretiroa hartzeko aukera atzeratu. Europako Batasunaren trantsizio ekologiko delakoak multinazionalen makroproiektuak lehenesten ditu, murrizketatean oinarritutako aurrekontu politikak ezartzearen truke”.
Lan erreforma bertan behera uztea “ezinbestekoa” dela ere nabarmendu dute ELAkoek. Gogorarazi dutenez, azken hilabeteotan ehunka langilek greba egin dute edo egiten ari dira, “etekinak lortzen dituzten enpresak jendea kaleratzen ari direlako, euren neurrira egindako legedia baliatuz”. Egoera horretan, lan arloko lege horiek indargabetzeko eskatu du. “Patronalak, Espainiako Gobernuak eta Urkulluk berak uste dute lan erreforma ez dela indargabetu behar, ez delako une egokia. Pandemia da aitzakia. ELAk, aldiz, uste du hori ere badela arrazoia lan erreformak indargabetzeko, milaka langile ez daitezen kaleratuak izan enpresek nahi bezala”.
Krisiari erantzuteko, zerga erreforma egiteko garaia ere badela aldarrikatu dute: “Bestela, krisiari emango zaion irteerak desberdintasunak areagotuko ditu. Halako erreformarik gabe, zorra ordaindu beharraren lehentasunak murrizketa gehiago ekarriko baititu ezinbestean”. ELAren arabera, hiru ardatz izan beharko lituzke erreforma horrek: gehiago ordaintzea errenta handia dutenek, enpresen etekinek eta ondareek.