Entzuteko eta ikusteko metal festa
2020ko Lekuek Festibaleko Metal Fabrikan jo behar zuten Elizabeltz eta Cobra taldeek, baina pandemia egoerak ikuskizuna atzeratu izan du. Bihar izango dira Astran, zuzenekoa eskaintzen.
“Ez dadila haria eten”, dio Berri Txarrak taldeak. Eta Metal doinuen zaleek ere Metal Fabrikak azken urteetan sortutako haria zabaltzen jarraitu nahi dute.
Bosgarren jaialdia izango da, eta Astran egingo dute oraingoan ere. 2020ko martxoan egin behar zuten festibala da bihar egingo dutena, pandemia egoera dela-eta atzeratu egin behar izan zutelako. «Egoera berezia da, aforoa mugatua da, distantzia mantendu behar da eta eserita ikusi behar da kontzertua, baina ez da pandemia egoeran Metal jaialdia antolatzen dugun lehenengo aldia», azaldu du Jon Learretak. Iazko abuztuan etxeko taldeekin egin zuten festibala, «aproba egiteko». Bullets of Misery eta Etorkizun Beltza izan ziren Astrako taula gainera igo zirenak: «Mugak muga, ikusi genuen jaialdia egitea posible dela».
2021eko Lekuek festibalean ere beraien ekarpena egin dute, Metal fabrika antolatuta. «Gustura» ibili izan dira, gainera. Berezia ere bada eserita entzun beharreko metal kontzertu bat: «Arraroa da kontzertu batean publikoa eserita ikustea eta taberna itxita egotea. Gainera, underground munduan anaitasuna bultzatzen da, eta ezagunak dituzunak distantzia mantenduta agurtu behar izatea beti da hotza». Hala ere, egoerak lagundu ez arren, kontzertuak antolatzen jarraitzearen aldekoak dira. «Kulturak aurrera egin behar du. Berez da egoera tristea, imajinatu zuzeneko musikarik gabe».
‘Fyre’ aurkeztera. Learretaren esanetan, zuzenekoak eta festibalak egiteko aukera edukitzea garrantzitsua da, «baina arauak betez. Kontzienteak gara jaialdi bat egingo dugula egoera larri batean eta, ezer gertatuz gero, underground mugimendua, Astra eta Metal Fabrika kaltetu daitezkeela. Gauzak zuzen egin nahi ditugu».
Sarrerak agortuta daude, eta itxiera perimetralengatik sarrerak bueltatzeko aukera eman duten arren, inork ez du egin. «Astelehen arratsaldera arteko epea eman genuen horretarako, guk gero sarrera horiek berriro salgai jartzeko. Izan ere, egoera honetan irabazirik ez dugu izango; sarreren dirua taldeentzat izango da», azaldu du Learretak.
17:45ean irekiko dituzte ateak, eta 18:15ean hasiko da Elizabeltz talde bermeotarraren kontzertua. Cobrak jo aurreko astedenaldian DJ Welderrek jarriko du musika. «Guretzat luxua da Cobra Metal Fabrikan zuzenean ikusteko aukera edukitzea. Gainera, azken diskoa aurkeztera datoz: Fyre».
Metal Fabrika
Taldeak
-Elizabeltz. OST, Sinnerdolls, The Hammer Killers edo Okasientes taldeetatik datorren laukotea. 2018an sortua, Bermeon, Ghost talde suitzarraren ukituak nabari daitezke bere doinuetan. Eskaintzen duten espektakuluak egiten ditu berezi bere zuzenekoak.
-Cobra. Thriller Rock bezala izendatutako rock/metal talde euskalduna. 2006an sortu zen, Euskal Herriko beste talde batzuetatik heldutako musikariekin. Bere azken diskoa aukeztuko du Metal Fabrikan: Fyre.