Xixilikoen zilarrezko dominak, Euskadiko Txapelketan
Kadeteen taldea txapeldunorde geratu da, eta Naia Arrazuak eta Naia Gorostiagak zilarrezko dominak irabazi dituzte euren kategorietan.
Euskadiko Txapelketatik urrezko dominekin bueltatu ziren Xixili klubekoak, domekan. Durangon lehiatutako txapelketan, kadete taldea txapeldunorde geratu zen bost uztaiekin egindako ariketagaz, eta horrez gain, kadete mailan Naia Arrazua (mazoekin) eta umeen mailan Naia Gorostiaga (pilotarekin) bigarren sailkatu ziren.
Kadete taldea eta bi gimnasta horiek Espainiako Txapelketara sailkatu dira, bai eta Nile Aberasturi (gazte mailan) eta Eider Mugira ere (kadeteetan). Izaro Trespalacios kadetea Espainiako txapelketarako itxaron-zerrendan dago, 11.en egin zuelako. Maiatzaren 31 eta ekainaren 6a bitartean izango da Espainiako Txapelketa, baina non izango denaren jakinarazpen ofizialik ez daukate momentuz.
Xixilitik taldekakoan, kadete taldea lehiatu zen eta bakarkakoan zazpi gimnasta aritu ziren. “Kadeteena oso lehiatua izan zen; parte hartzaile asko egon ziren. Guk bost kadete aurkeztu genituen eta bi pasatu ziren finalera. Federazioa zoriondu behar dugu, txapelketa oso ondo antolatuta egon zelako. Egoera honetan protokoloak oso zorrotzak dira eta oso zaila da halako txapelketa bat antolatzea”, azaldu du Paula Barcelo Xixiliren entrenatzaileak.
Urtebete baino gehiago egon dira lehiatu barik, eta txapelketetara bueltatu direlako pozik gaude: “Emaitzagaz oso pozik gaude. Urduri egon ziren, urtebete eta hilabete bat egon dira lehiatu barik, eta orain dela hiru hilabete hasi ziren entrenatzen”.
Euskadikoan parte hartu duten Xixiliko kide horiek Bizkaiko Txapelketa lehiatuko dute maiatzaren 15ean, Leioan. “Normalean Bizkaiko Txapelketa izaten da lehenengo, eta gero Euskadikoa”.