Errenta aitorpena euskaraz egiteko deia egin dute Busturiak eta Bermeok
Uemaren deialdiagaz bat eginez, administrazioa euskalduntzeko bidean ahalik eta herritar gehienek errenta aitorpena euskaraz egitea garrantzitsua dela adierazi dute
Herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izan daitezen bultzatu nahian, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiarazi du Uemak. Busturiak eta Bermeok ere errenta aitorpena euskaraz egiteko eskatu die herritarrei. Horrela, administrazioa euskalduntzeko pausoak emango dituztela gogorarazi dute.
Aurten banketxeetan errenta aitorpena egiteko aukerarik ez da egongo, baina bestelako bideak erabili arren, euskara erabili daitekeela gogorarazi dute. Zehaztu dutenez, autolikidazio proposamena jasotakoan eta hori onartzean, errenta aitorpena euskaraz egin gura dela adieraztea baino ez da egin behar, telefonoz zein Internet bidez. Horrela, aurrerantzean ere ogasunak agiriak euskaraz bidaliko dituela zehaztu dute.
Internet bidez egiten denean, errenta programaren euskarazko bertsioa deskargatu eta hobetsitako hizkuntza atalean euskara hautatu behar dela adierazi dute, eta herritarrak aholkularitzaren bat aukeratzen badu, berariaz adierazi beharko du aitorpena euskaraz egin gura duela.
Uemak adierazi du, errenta euskaraz egiten duen herritarren kopurua urtez urte gorantz doan arren, errealitate soziolinguistikoak erakusten dituen datuetatik urrun dagoela oraindik. Horregatik, herritarren babesa eta parte-hartzea ezinbestekotzat jo du.