Memoria zaintzearen beharra
Kandelen ibilbidean elkartu ziren atzo iluntzean gernikarrak. Bonbardaketaren 84. urteurrenean, errezena "ahaztea" dela aitortu zuten Gernika Batzordeko kideek, eta memoriak zaindua izan behar duela azpimarratu zuten.
“Memoriaren keak, marinelen itsasargiak bezela, bizitzaren nabigazioan gidatzen gaitu”. Gernika Batzordeak antolatuta, urtero legez, kandelen ibilbidean elkartu ziren atzo iluntzean gernikarrak. Bonbardaketaren 84. urteurrenean, errezena “ahaztea” dela aitortu zuten Gernika Batzordeko kideek, baina eurek euren jardunari eutsiko diotela ozen esan zuten. “Ez dugu ahaztu, eta ez dugu ahaztuko. Bizi dugun ezohiko egoera honek ez digu helburuetatik desbideratu”.
Zaintzearen ezinbesteko beharra azaleratu den garai honetan, memoria ere zaindu behar dela azpimarratu zuen Sabin Ibazeta batzordeko kideak: “Memoriak ere badu zaindu beharra, baina tutelarik barik, patrimonialismorik barik. Ez dago itxiera perimetralik memoriarentzako. Memoria gorriz dago, bai, memoriak gorritik asko duelako. Memoria zaindu behar dugu, isiltasunaren azpijokotik, autozentsuratik eta indiferentziatik”. Memoria “ostu, debekatu eta orain konfinatu” nahi izan dutela salatu zuten batzordekoek: “Doktrina ofizialak konfinatu gura izan du, eta giltzapetuta mantendu, adimenak kolonizatuz”.
Baina memoria egunero eraikitzen den “babes egitura” bat dela diote: “Memoria egunero eraikitzen dugun babes egitura da. Eta osasuntsu behar dugulako, doktrina ofizialak esandako narratiba nagusia deseraiki behar dugu, eta horregaz batera, ezarritako eta inposatutako isiltasuna ere deseraiki. Zer zentzu du ba, narratibak, errelatoak hori gezurtatu ezin badu?”. Iturri bakarretik edateko garaiak iragana direla uste dute, eta ubide askotatik datozen korronteek eratzen dutela memoria adierazi zuten atzo. “Horrek zentzua ematen dio gure izanari, gero eta anitzagoa den mundu honetan. Irmotasuna ematen dio gure identitateari, eta koherentzia gure jardunari”.
Oraindik lan asko dute egiteko, eta asko dute esateko Gernika Batzordekoek. “Gure memoria Sahara, Kurdistan, Palestina edota Katalunian dago, gure fabriketan sortutako armek zapaldutako lekuetan. Asko dago esateko oraindik, asko egite. Beraz, memoria jalgi adi plazara”.