Javi Goitia gernikarrak irabazi du Euskadiko Duatloi Txapelketa
Basque Tribe Kirol Klubagaz egin duen lehen proba izan da. Sasoi onean heldu da, eta podiumeko lehian egotea espero zuela dio. 58 minutu eta 43 segundoko denboran sartu zen helmugara. Emaitza "onena delako", eta denbora luzeraren ostean berriro ere duatloi munduko jendea elkartzeko aukera eduki dutelako "balorazio ona" egin du. Asteburu honetan, berriz, Espainiako Kilometro Bertikala lehiatuko du, Andaluzian.
Euskadiko Duatloi Txapelketan podiumaren gorenera igo zen Javi Goitia Omaetxebarria gernikarra, zapatuan, Oñatin. Alde estua egon zen lehenengo hiruren artean. 58 minutu eta 43 segundoko denboragaz geratu zen txapeldun, eta Armandarri TTko Beñat Arnaiz Uribarren da aurtengo txapeldunordea. Goitiarengandik hamazortzi segundora sailkatu zen Arnaiz. Urko Herran Aguilarrek osatu zuen gizonezkoen podiuma; zortzi segundoko aldea egon zen Herranen eta Arnaizen artean.
Lasterketa gogorra izan zela esan du Goitiak. Pandemiaren eraginez, bakarkako erlojupeko eran antolatu zuten, eta partaideak 25 segundoko tarteagaz atera ziren: “Oso gogorra egin zitzaidan. Ordubete esfortsu maximoan zuk bakarrik eta jakin barik ondo edo txarto zoazen, oso gogorra da. Erlojupeko bizikleta eroan ahal zen, eta nik ez neukanez, bizikleeta normalagaz joan nintzen. Asko sufritu nuen. Lasterketan bertan ere ez nuen espero irabazterik. Azkenengo korrikaldian orduantxe hasi nintzen sinisten irabazi nezakeela”.
Enkarterriko Basque Tribe Kirol Klubagaz egin duen lehen proba izan da. “Urte asko egon naiz esaten talde horretan korrituko dudala, lagun handiak ditut bertan; lagun talde bat da. Eurei ere ilusio egiten zien ni eurekin aritzea, eta horrela hasita, denok gaude pozik”.
Emaitza “onena delako”, eta denbora asko eta gero ostera ere duatloi munduko jendea elkartzeko aukera eduki dutelako “balorazioa pozgarria” dela dio: “Podiumeko lehian egotea espero nuen zergatik ez, konfiantza horregaz joan nintzen. Sasoi onean heldu naiz, urtero legez egia esan. Irabaztea ez nuen espero, ez nuen baztertzen eta horregaz amesten nuen, baina ez nuen espero. COVIDa hasi zenetik egin dugun lehen proba izan da eta pozgarria da ostera ere antolakuntza aldetik mugimendua egotea eta lagunak ikusi ahal izatea”.
Azken urtean txapelketarik, lasterketarik ez dute eduki, baina dioenez, “lasaitasunez hartu” du ezohiko egoera hau: “Beti esaten dut entrenamendua baino gehiago jarduera fisikoa gustatzen zaidala, edozein jarduera, berdin zait zer egin. Kirola egiten bai ibili naiz, baina zerbaitetarako bereziki entrenatu barik, ez delako egon lasterketarik, motibazio hori ez dugu eduki. Lasterketa honen berri eman zutenean bai hasi nintzen berau prestatzen; azken bi hilabeteetan aritu naiz prestatzen, eta ondo heldu naiz, gogo eta motibazio askogaz eta esperantzekin”.
Asteburu honetan Andaluzian dauka hurrengo erronka. Espainiako Kilometro Bertikala Txapelketa lehiatuko du zapatuan, Jaenen. Hain zuzen, aurtengo denboraldian mendi lasterketetan ariko da batik bat: “Iaztik mendi lasterketetan gehiago zentratuta egon naiz, burua mendi lasterketetan daukat. Ez dut uste hemendik aurrera duatloi eta triatloi asko egingo ditudanik. Orain Jaenera, eta gero datorrena datorrela, ahal dena egingo dut, sortzen diren lasterketetara apuntatuko naiz, eta ezer ez baldin badago kirolaz disfrutatzen jarraituko dut”.