Herriko plaza eraberrituko du Gautegiz Arteagako Udalak
Udalak auzotarren bizi kalitatea hobetzeko asmoz jarri du martxan proiektua. Inguru horretan, "integratutako espazio berri bat" sortzeko helburua dute udal agintariek, "herritarren eskaerei erantzuteko".
Gautegiz Arteagako Udalak herri kontsulta epea zabaldu zuen urtarrilean, herriko plaza berritzeko herritarren iritzi eta ideiak ezagutu gura zituelako. Ekarpenak jasota, proiektuak martxan jarraitzen du, eta 2021ean abian jartzea aurreikusi dute udal arduradunek. Oraindik, herriko plaza eraberritzeko proiektua idatzi egin behar da, baina hori egiteko prozedura ere martxan dago.
Plaza herriko erdigunean dago, eta udaletxea, kultur etxea eta frontoia hartzen ditu. Herriaren gune neuralgikoa da, baina oztopo arkitektonikoak ditu eta horrek irisgarritasuna zailtzen du. Hori horrela, udalak auzotarren bizi kalitatea hobetzeko asmoz jarri du martxan proiektua. Inguru horretan, “integratutako espazio berri bat” sortzeko helburua dute, herritarren eskaerei erantzuteko.
Hala, herriko plaza berriak 300 metro koadroko eremu estalia izango du, eta kultur etxeko sotoko solairuagaz lotuta egongo da. Gainera, kultur etxearen atzeko aldea oinezkoentzat egokitzea aurreikusi dute. Aparkatzeko lekua ere egongo da plaza berrian, eta aparkalekuak bi plaza egokitu izango ditu mugikortasun murriztuko pertsonentzat. “Erabilera anitzeko gunea izango da, aparkaleku eta zerbitzuetarako aparkalekuen gutxieneko kopuruagaz. Autobus geltokia jarduera eremuaren barruan sartzen da”, zehaztu du Juan Felix Naberan Gautegiz Arteagako alkaetak.
“Gure herritarrentzako espazio esanguratsu bat sortu gura dugu, gustura egotekoa, irisgarritasunaren, iraunkortasunaren, genero berdintasunaren, herritarren segurtasunaren eta erosotasunaren irizpideei erantzungo diena”, dio alkateak. Gainera, herriko plaza berrian ekitaldiak ere antolatu gura dituzte, hala nola, kontzertuak, lehiaketak gastronomikoak edota merkatuak. Herriko plaza herriaren “egungo beharretara” egokitzea da agintaldi honetako helburuetako bat, “herriak duen beharrizan bat delako”.
Herritarren parte hartzea. Alkateak zehaztu duenez, proiektuaren garrantzia dela eta, herritarren iritzia jasotzea ezinbestekoa da. “Urte hasieran plaza eraberritzeko herritarren iradokizunak ezagutzeko kontsulta epe bat ireki genuen, eta, orain, proiektu berriaren aukeraketan ere herritarrek ahotsa izango dute”, jakinarazi du Naberanek.
Hain zuzen, herriko plaza eraberritzeko hiru proiektu onenak aukeratuko ditu udal arduradunek eta teknikoek osatutako epaimahaiak. Hori eginda, udalak hiru ideia finalistak Gautegiz Arteagako herritarrei erakutsiko dizkie, eurek euren proiektu gogokoena zein den aukeratzeko.
Gautegiz Arteagan erroldatutako 16 urtetik gorako pertsonek parte hartu ahal izango dute bozketan, aurrez aurre eta isilpean, goizeko eta arratsaldeko ordutegian, bederatzi egun jarraituko epean. Herritarren parte hartzea amaitzen den egunetik hasita hilabeteko epean emango du epaimahaia azken irizpena, eta epaimahaiaren aurretiko balorazioa eta ondorengo herritarren parte hartze fasean lortutako puntuazioa jasoko ditu.
Obra gauzatzeko gehieneko aurrekontua 500.000 eurokoa da (BEZ barik).