Espainiak Gernikako bonbardaketan izan zuen erantzukizuna onartzeari uko egin dio, berriro
EH Bilduk egin du eskaera, senatuan; Juan Carlos Campo Justizia ministroak erantzun du 36ko Gerrako krimenak askotan salatu izan dituztela.
Gernikako bonbardaketan Espainiak izan zuen erantzukizuna ofizialki onartzeko eskatu zuen EH Bilduk atzo, senatuan. ERC-EH Bilduk osatzen duten talde parlamentarioko kide Gorka Elejabarrietak planteatu zuen galdera: ea Espainiak Gernikako bonbardaketan izan zuen ardura onartuko duen, Alemaniak eta Italiak egin duten bezala.
Juan Carlos Campo Justizia ministroaren erantzuna izan zen Espainiako Gobernuak eta berau osotzen duten alderdi politikoek askotan salatu izan dituztela 36ko Gerran egindako krimenak. Gaineratu zuenez, “inork ez du zalantzan jartzen” Alemaniako Condor Legioak eta Italiako Aviazione Legionariak Gernikan egin zutena gerrako esperimentu bat izan zela. “Duda barik, frankismoa izan da bizi izan dugun historiaren sasoi ilunetakoa, eta Gobernuak egindako sarraski denak kondenatzen ditu, Gernikakoa barne”.
Elejabarrietak, baina, gogoratu zuen Italia eta Alemania Francoren agindupean aritu zirela, eta oraindik Espainiak ez duela hori onartu, ezta egindakoagatik inor epaitu ez zigortu. Justizia ministroak gertatutakoa gaitzetsi eta biktimekiko hurbiltasuna agertu izana onartu zuen Elejabarrietak, baina bertsio ofizialaz ezer esan ez izana salatu du: “Gobernu batek ere ez du modu ofizialean zuzendu garai hartako bertsio ofiziala. Euskaldunak izan ginela Gernika suntsitu genuenak dio bertsio ofizial horrek, eta horren kontra ez du ezer esan Espainiako Gobernuak. Guk estatuak bonbardaketan izan zuen erantzukizuna onartzeko eskatu diogu, eta ez du egin. Bitxia da Alemaniak 1997an eta 1998an egin izana eta Espainiak oraindik ez egitea”. Horrez gainera, Gernika bonbardatzeko agindu zutenen oinordekoak “gure artean” jarraitzen dutela gogoratu zuen EH Bilduko ordezkariak; “faxismoa egunero aurre egiten garaitu behar da”, azpimarratu zuen.
EH Bilduren senatariaren ustetan, Espainiako Gobernuak egindakoa onartzeko beste aukera bat galdu zuen: “Espainiako Gobernuak, berriz ere, eta ez da lehen aldia, aukera ederra galdu du Gernikan eta beste hainbat tokitan gertatu zenari buruz, behingoz, aitortza ofizial eta instituzional bat egiteko. Eta, ondorioz, gaiak pendiente jarraitzen du”.
Iritziko dela erantzukizuna onartzeko momentua uste du Elejabarrietak, baina atzo, justizia ministroa ez zela ausarta izan dio senatariak. “Gernikan, Otxandion, Durangon, Elgetan… eta beste hainbat tokitan gertatutakoan Espainiak izan zuen erantzukizuna onartzeko lanean jarraituko dugu. Espero dezagun berandu baino lehen aitortza hori lortzea”.
Bide desberdinak. ERC-EH Bilduk osatzen duten talde parlamentarioaren izenean galdegin zuen atzo Elejabarrietak. “Kontrol galdera izan zen. Gobernuari zuzenean gai bati buruz galdetzeko parlamentuak ematen duen bidea bat da, eta formula hori erabili genuen”, azaldu du, eta aitortu du ez dutela baztertzen beste formula batzuk erabiltzea aurrerantzean.
Espainiako Gobernuari erantzukizuna eskatzeko saiakera desberdinak egin izan dira urte luzez. “Alderdi desberdinek galdegin dugu, modu desberdinetan: mozio bidez, galdera bidez, PNL bidez, Gasteizko Parlamentuak ere esan ditu esandakoak eta nik uste dut bide horretan jarraitu behar dugula”.
Aitortza hori bereganatzeko bidean, baina, bat eginda joateak “aukera gehiago” eman ditzakeela uste du. “Helburu horren alde dauden indar politiko eta sozialak bat eginez gero, aukera gehiago izan ditzakegu. Jarraituko dugu horretan lanean”, azpimarratu du.
Gernikatik ere azken zortzi hamarkadetan egindako lana aitortu du senatariak: “Gernikatik kristoren lanak eta bi egin dira azkenengo zortzi hamarkadetan norabide horretan eta jarraitu beharra dago”.