Busturialdeko trainerillek lan txukuna egin dute liga hasieran
Bermeoko, Mundakako eta Elantxobeko klubek seina trainerilla uretaratu dituzte ligako bi jardunaldietan. Bertoko ordezkariek lehenengo jardunaldian lortu dituzte emaitzarik onenak.
Batelen denboraldia atzean utzita, asteburuan hasi da Bizkaiko trainerilla liga. Lehen bi jardunaldiak zapatu-domekan [apirilak 24-25] lehiatu zituzten Elantxobeko uretan, eta bertan parte hartu zuten Bermeo, Mundaka eta Elantxobeko arraunlariek nahikoa emaitza onak eskuratu dituzte.
Zapatuan [apirilak 24] lehiatu zen lehen jardunaldian trainerilla bakarra uretaratu zuen Bermeok; Mundakak, ostera, hiru uretaratu zituen eta bi Elantxobek. Gazte mailan, emakumezkoetan, ez zen bertoko ordezkaririk egon. Gizonezkoetan, berriz, Elantxobek lortu zuen emaitzarik onena; hirugarren amaitu zuten (17.36,69). Bermeok, berriz, bosgarren amaitu zuen (17.46,56).
Absolutu mailan, emakumezkoetan, Mundakako bi ontziek emaitza onak eskuratu zituzten. Mundaka Ak bigarren amaitu zuen (20.29,53) eta laugarren Mundaka Bk (21.21,08). Gizonezkoetan, ostera, Elantxobek lortu zuen emaitzarik onena; hamaikagarren amaitu zuten (16.09,54). Mundakak, berriz, hamalaugarren (16.52,67) amaitu zuen estropada.
Domekan [apirilak 25] jokatu zen bigarren jardunaldian, aldiz, bezperako trainerilla kopuru bera uretaratu zuten eskualdeko hiru klubek. Gazte mailan, emakumezkoetan, ez zen bertoko ordezkaririk egon. Gizonezkoetan, berriz, Elantxobek bosgarren amaitu zuen lehia (16,18,74) eta Bermeo kanporatua izan zen.
Absolutu mailan, emakumezkoetan, Mundakako bi ontziek bosgarren eta seigarren amaitu zuten; Mundaka Bk amaitu zituen lanak lehendabizi (20.21,27) eta segundo gutxira helmugaratu zen Mundaka A (20.59,50). Gizonezkoetan, berriz, Mundakak zazpigarren (16.04,18) amaitu zuen estropada eta Elantxobek hamaigarren (16.52,04) amaitu zuen.