Gernikan gertatutakoa aitortzeko eskatuko dute Espainiako senatuan
EH Bildu-Esquerra Republicana talde parlamentarioak bonbardaketan izan zuen erantzukizuna onartzeko eskatuko dio Espainiar estatuari, biharko saioan
“84 urte pasatu dira eta oraindik orain Espainiak ez du aitortu Gernikan gertatutakoa”. EH Bildu-Esquerra Republicana talde parlamentarioaren senatari Gorka Elejabarrietak galdegingo du Espainiako Gobernuak Gernikako bonbardaketan izan zuen erantzukizuna onartu dezala modu ofizialean. “Bonbardaketan parte hartu zuten beste bi estatuek, Alemaniak eta italiak, egin dute. Alemanian, Berlinen, badago Gernika izeneko plaza, eta Espainian, aldiz, oraindik ere bertsio ofiziala da euskaldunek erre zutela Gernika”, gaineratu du.
84 urte igarota, gertatutakoa aitortzeko garaia dela uste du EH Bilduren senatariak. “Aste honetan, gainera, badira bi geratakari erakusten dutenak oraindik gaurkotasun handiko gaia dela. Batetik, aste honetan AEBek erabaki dute Armeniako genozidioa aitortzea. Joe Biden presidenteak onartu egin du aspaldi gertatutako genozioa, eta horrek erakusten du sekula ez dela berandu. Bestetik, faxismoaren igoera handia ikusi dugu estatuan eta Europan. Beraz, uste dugu gaurkotasun handiko gaia dela”. Zor historikoa ere badela esan du Elejabarrietak, “Gernikarekin eta Euskal Herriarekin”.
Orain du aukera. Trantsizio demokratikoa eman geroztik presidente askok gertatutakoa aitortzeko aukera eduki dutela esan du, “eta aukera galdu ere. Espero dezagun presidente hau izatea aukera baliatzen duena. Argi dago denbora kontua dela, noizbait Espiniako Gobernua zuzenduko duen presidenteren batek egingo du”. Etorkizun hobea eraikitzeko iragana ez ahaztea beharrezkoa dela esan du EH Bilduren senatariak: “Gertatutakoa ezagutzeko ezinbestekoa da aitorpena”.