'Gernika' entrenatuko dute milaka pertsonak
Gernika Crossfitek sortutako 'Gernika' entrenamendua egingo dute gaur milaka pertsonak. Bizkaiko Crossfit gune gehienek bat egin dute ekimenarekin, eta Madrilera ere heldu da.
“Sareetatik eman genuen ekimenaren berri eta horrelako zabalkundea izanak guretzat pozgarria da”. Gernika bonbardatu zutela 84 urte dira gaur, eta gertatutakoa urtero oroitu asmoz, ‘Gernika’ izeneko entrenamendua sortu du Crossfit Gernikak.
Herrian bertan hastea zen asmoa, apurka-apurka zabaltzeko asmoz. Baina Gernikako bonbardaketa oroitzeko eta herria omentzeko sortutako WODa (eguneko entrenamendua) Crossfiteko Bizkaiko ia gimnasio denetan egingo dute gaur. “Milaka pertsonak Gernika eta gernikarrak omentzeko ariketen saioa egingo dute”, Crossfit Gernikako Jon Causo eta Adriana Garciak azaldu duetenez. Durango, Galdakao, Portugalete, Bilbo, Erandio, Arrasate, Gasteiz edo Madrilgo boxetan, besteak beste, 1937ko apirilaren 26ko Gernika presente egongo da gaurkoan. Izan ere, Crossfit Españak ere bat egin du kirola eginez gernikarren memoria berreskuratzeko asmoarekin.
Mezua zabaldu. Crossfit munduan ohikoa da pertsonak omentzea, “baina guk Gernikako herria eta hainbat pertsona omendu nahi izan ditugu aldi berean”. Gainera, Gernika entrenamenduaren arrazoi historikoa ere barreiatu da Crossfit praktikatzen duten kirolarien artean: “Guk zabaldutako mezua bere horretan zabaldu dute”.
Dagoeneko hainbat pertsonak egin dute gaur entrenamendua, eta askoren eta askoren gustukoa dela azaldu dute bultzatzaileek. Entrenamendu bakoitzean, 4 minutuko saioak, 26 aldiz egin beharreko ariketak, arraunean erre beharreko 5.771 kaloria… egin behar dituzte. Bakarka eta taldean egiteko ariketak, “elkarlanaren eta elkarri eustearen garrantzia nabarmentzeko”. Gernikan eta mundu zabalean, crossfit praktikatzen dutenek apirilaren 26 bakoitzean 1937ko Gernika oroitu dezaten.