Beste denboraldi historiko baten amaiera
Emakumezkoen Ligaren titulua lortzeko finalerdietako bueltakoan, Lointek Gernika Bizkaiak 91-43 galdu du Perfumerias Avenidaren kontra.
Gernika-Lumoko taldeak 91-43 galdu zuen Perfumerias Avenidaren kontra ligaren titulua lortzeko finalerdietako bueltako partidua, atzo gauean. Tituluaren borrokarako hiruko finalean Avenida eta Valencia ariko dira zein baino zein gehiago. Talde valentziarrak, Eurokopa irabazi ostean, Spar Girona mendean hartu du finalaurrekoetan, denboraldi izugarria borobilduz.
Avenidaren kontra galduta, beste denboraldi historiko bat amaitu da Lointek Gernika Bizkaiarentzat. Euskal Kopa irabazi, Superkopan txapeldunorde, Erregina Koparako sailkapena, Eurokopan lehen zortzirenen artean sartzea, eta lehenengoz ligako titulua lortzeko finalerdiak jokatzea. Mario Lopez Lointek Gernika Bizkaiaren entrenatzaileak esan modura, denboraldi honetan egindakoa pozik egoteko modukoa da: “Amaiera hau izan arren, denboraldiagatik oso pozik gaude. Helburuak, emaitzak lortu ditugu, eta beste pauso bat eman dugu”.
Mario Lopez:”Denboraldiagatik oso pozik gaude. Helburuak, emaitzak lortu ditugu, eta beste pauso bat eman dugu”.
Atzoko partiduari dagokionez, Avenidak partidu oso ona egin zuela azpimarratu du Lopezek: “Joko oso ona egin eta denean asmatu du. 50 puntugatik galdutako partidu bati buruz gutxi esan daiteke. Ondo hasi gara, baina Avenidak 10-12 puntuko aldea hartu duenean, Arin, erraz jokatzen du”. Ideiak argi, eta bere nortasuna erakutsiz hasi zen talde gernikarra (19-18 amaitu zuten lehen laurdena). Joanekoan, 22 puntugatik galdu zuen Malosten, eta atzo Salamancan gozatzea eta gozaraztea zen helburua. Denboraldia itxura ona emanez borobiltzea zen asmoa. 41-29 amaitu zuten lehenengo zatia, eta atsedenaldiaren ostean, hirugarren laurdeneko 23-4ko partzialak partidua erabaki zuen.