4 minutuz, sirena hotsek hartu dute Gernika
Pasealekuan piztu du sirena Gernika Batzordeak, eta Astrako bunkerrean egin dute Gernikako Lobek. Durango 1936 elkartekoek piztu dute Astrako sirena.
15:45ean hasi da sirena hotsa Gernika-Lumon, 1937ko apirilaren 26 hartan bezala. Geldi, eta isilik, duela 84 urte gertatutakoa gogoratzeko ariketa egin dute aurten ere gernikarrek, 4 minutuz. Pasealekuan piztu du sirena Gernika Batzordeak, eta Astrako bunkerrean egin dute Gernikako Lobek.
Gernikan apirilaren 26an gertatutakoa oroitu, eta Gernika inguruko herriak ere bonbardatuak izan zirela gogoratu dute Gernika-Lumoko Lobek. “Martxoaren 31n izan zen Durangoko bonbardaketaren urteurrena. Gogoratu eta ikusarazi behar dugu herri asko izan zirela bonbardatuak, eta denek merezi dutela errekonozimendua“. Hori horrela, Durango 1936 elkartekoek piztu dute sirena.
Andoni Barreña eta Javier Conde izan dira arduradunak, eta “harrotasunez” piztu dute. Etxean entzundako historiez akordatu dira: “1937ko gernikarrak imajinatu ditut babeslekuan sartuta, ume bategaz, jakin barik ondo zer egin… asko dira sentsazioak”.
Ekimena “oso garrantzitsua” dela uste dute Barreñak eta Condek, memoria historikoa lantzen duten elkarteen arteko sareak falta direlako eta ekimenagaz horiek sortzen dituztelako. “Memoria historikoa lantzen dugunon artean oso harreman gutxi egon da orokorrean, Durango eta Gernikaren artean esaterako. Ordagoa bota dute Lobek eta oso garrantzitsua da hori, asko eskertzen dugu”. Bizkaian hainbat herri izan ziren bonbardatuak eta garrantzitsua izango litzatekeela bateko eta besteko ekimenak koordinatzea eta ekintza orokorrak sortzea uste dute durangarrek.
Durangoko bonbardaketari behar duen errekonozimendua ere emateko balio izan du ekimenak. “Durangokoa azken urteetan asko entzuten ari da. Durangon garai haietan eskumak irabazten zituen hauteskundeak, nagusitasun handiagaz gainera. Oso herri karlista izan da, eta isiltasun ikaragarria egon da bonbardaketari buruz. 50. urteurrenetik hona hasi da historia zabaltzen”. Durango 1936 elkartea ere, duela 15 urte sortu zuten: “Gu ez ginen hasi bonbardaketako kontuak aztertzen. Hori Gerediagak, Kriskitinek eta Berbarok lantzen zuten gehiago, baita udalak ere. Gu beste hutsune batzuk estaltzeko sortu ginen. Gudariak zeintzuk izan ziren ikertzeko, zelakoa izan zen errepresioa lantzeko, edota fusilatuak eta kartzelaratuak zeintzuk ziren aztertzeko. Gero, baina, lekukotasunak batzen hasi ginen, eta lekukotasun horietan, bonbardaketak izugarrizko presentzia du herritarren oroimenean”.