Salamancara, gozatzera
Ligako titulua lortzeko finalerdietako joaneko partiduan, Lointek Gernika Bizkaiak 55-77 galdu du Perfumerias Avenidaren kontra. Domekan lehiatuko dute bueltakoa, Salamancan.
Emakumezkoen Ligaren titulua lortzeko finalerdietako joaneko partiduan, Lointek Gernika Bizkaiak 55-77 galdu zuen Perfumerias Avenidaren kontra, atzo iluntzean. Domekan, 20:00etan lehiatuko dute bueltakoa, Salamancan (Teledeporten ikusi ahalko da).
“Talde moduan gure azken partidua izango dena disfrutatzera joango gara Salamancara. Partidu on bat, partidu serioa egiten ahaleginduko gara, aurpegia ematen”, esan du Mario Lopez Lointeken entrenatzaileak. Domekako partiduan publikoa edukiko dute, eta hortaz, Malosten baino “are zailagoa” izango dela uste du.
Entrenatzaile gernikarraren berbetan, atzoko markagailuak erakusten duen 20 puntuko aldea, gaur egun talde bien artean dagoen aldearen adierazlea da: “Avenida bezalako talde bati aurre egiteko behar den intentsitate edo energia falta nabaritu dut lehen bi laurdenetan. Atsedenaldiaren ostean, uste dut taldeak energia gehiago eduki duela, bertikalago egon da, eta hirukoetan ere asmatu dugu, baina, hala ere, asko parkatu dugu; saskiratze erraz gehiegi utzi dizkiegu eta baloi asko galdu ditugu”. Halako talde baten kontra jokatzean, “kanpoko jaurtiketetan eraginkortasuna” eduki behar dela eta “baloirik ezin dela galdu” azpimarratu du.
Roso Buchek esan bezala, etxeko partiduan “emaitza hobea” atera gura zuten. Jokalarien lana azpimarratu du: “Harro nago. Denboraldi osoan egin modura, aurpegia eman dugu, 40 minutuak borrokatu ditugu, eta domekan Salamancan ere gauza bera egingo dugu. Argi dago Avenida pauso bat aurretik dagoela. Fisiko askogaz jokatzen du. Eta gu saiatu gara, entrenamenduetan landu modura, defentsa modu desberdinak erabili ditugu. Kanpoko jaurtiketetan asmatzea falta izan zaigu”.
Finalerdietara heltzea “handia” dela gogoratu du: “Talde gutxik lortzen dute hori. Denboraldi izugarria egin du taldeak”.
Malosteko azken partidua izan den honetan zein gainontzekoetan zaleen falta eduki dutela dio Marta Alberdi taldeko jokalari gernikarrak: “Marea granatea seigarren jokalaria da: zaratak, animoak… hori den hori ezinbestekoa da, batez ere halako partiduetan. Hasieran eutsi dugu, gero hirugarren laurdenean apur bat hurbildu gara. Ikusi da eurak gu baino maila gorenagoan jokatu dutela, eta beste intentsitate maila bategaz, eta partidua hor joan da”. Domekako partiduan “galtzeko ezer ez” daukatela eta gozatzera joango direla gaineratu du, “talde moduan gozatzera”.