Gernika RTk igoera faseko final-laurdena jokatuko du bihar, Urbietan
Ohorezko Mailara igotzeko lehiaren final-laurdenean, Gernika RTk Zaragozako Fenix Rugbyren kontra jokatuko du.
Ohorezko B Mailako taldeek igoera fasea hasiko dute asteburu honetan. Lau final-laurden jokatuko dituzte. Gernika Rugby Taldeak Fenix Rugby Zaragozako taldea hartuko du Urbietan, bihar [apirilak 24]. 16:30ean hasiko da partidua.
Irabazi eta finalerdietarako txartela eskuratzea da basurdeen helburua. “Taldea ondo dago, jokalariak ondo daude, eta gure itxaropena da etxean partidua aurrera ateratzea, ez dago besterik”, esan du Eduardo Maidagan entrenatzaile gernikarrak. Urte guztian egindako beharraren ildo beretik prestatu dute final-laurdena. Etxean jokatzearen abantaila ez ezik, talde zaragozarrak belar artifizialean jokatzen du, eta hori ere euren mesederako izan daiteke. Irabazteko orain arteko jokoa eta kemena erakutsi beharko dute basurdeek: “Fenixek aurrelari gogorrak ditu, gu baino handiagoak. Eurek zelai sintetikoan jokatzen dute, eta guk belarrezkoan, etxean jokatzen dugunez, gure aldeko faktorea izan daiteke. Gure indarra ipini beharko dugu”.
Beste final-laurdenak. Zortzi talde daude igoera fasean, eta denen arteko parekotasuna aipatu du Maidaganek: “Denak gaude itxura berdinean, gauzak ondo egiten”.
Hernani CRE da igoera fasean dagoen beste talde euskalduna, eta CAU Valenciaren kontra lehiatuko du final-laurdena. CR La Villa-Pasel Belenos RC eta Pozuelo Rugby Union-UR Almeria Playacar taldeen artekoak izango dira asteburuko beste bi partiduak.
Gernika-Lumoko taldeak biharko final-laurdena irabaziz gero, Pozueloren edo Almeriaren kontra lehiatuko luke finalerdia, maiatzaren 2an. Finala maiatzaren 16an izatea aurreikusita dago.
Denboraldi hasieratik maila igotzeko borrokan sartzea eta Ohorezko Mailara bueltatzeko erronka lortzea izan dira helburuak. Hona heltzea asko da, eta zelan heldu diren ere oso adierazgarria da. Izan ere, ez dute partidurik galdu. “Denboraldi osoa honaino heltzeko prestatu dugu. Fisikoki ondo gaude, prest, lesioekin zortea eduki dugu, eta ea hemendik aurrera ere inor ez den lesionatzen. Detaile txikiak zarratzea da gure zeregina, eta jokalariei sinestaraztea gure helburua, igoera lortu ahal dela”, dio Maidaganek.