Apirilaren 26a: egia, memoria eta aitortza egiteko eguna
Astrako babeslekutik, Durango 1936 elkartekoek piztuko dute aurtengo sirena. 84. urteurrena gogoratzeko egitarau "hibridoa" prestatu dute Gernika Memoriaren Lekuko plataformako kideek. Udalak Labauria, Steer eta bonbardaketan hildakoak omenduko ditu astelehenean.
84 urte beteko dira astelehenean faxisten hegazkinek Gernika-Lumo bonbardatu zutela. Azoka eguna zen 1937ko apirilaren 26an 5.771 bonba jaurti zituzten Kondor Legioko eta Italiako Aviacion Legionariako hegazkinek. Gernikako eta inguruetako bizilagunak babeslekuetan gorde ziren arren, ehunka erail zituzten.
Albistea nazioartean zabaldu zen. Zenbait gerra kazetarik gertatutakoa kontatu zuten, tartean George Steer britainiarrak. Udalerrian gertatutakoa nazioartean ezagutzera eman zuen Steerrek, bere albistea Europako egunkari nagusienetan agertuz. Haren bustoaren aurrean omenaldia egiten diote urtero, baita aurten ere. Ekitaldiagaz gerra kazetarien lana ere omentzen dute; 2019an Mikel Aiestaranen lana azpimarratu zuten bertan. Steerren bustora joan aurretik, baina, Jose Labauria 1937ko alkatearen eskulturaren aurrean lore eskaintza egingo dute Gernikazarrak eta Gernika-Lumoko Udalak.
Eguneko momenturik hunkigarrienetako bat 15:45ean izaten da, Lobek bultzatutako 4 minutu ekimenagaz. Ordu horretan, Durango 1936 elkarteak aktibatuko du sirena Astrako babeslekutik, eta herritarrek lau minutuko isilune eta geldialdia egingo dute Merkurion. “Iaz Astratik piztu zen sirena, pandemia dela eta. Aurten, baina, babeslekutik egingo dute, beti egin den moduan eta beti egin behar den moduan”, zehaztu du Maitane Uriarte Lobakeko kideak.
Urtero-urtero elkarte edo pertsona desberdinek pizten dute Astrako sirena, eta aurton Durango 1936 elkartekoek egingo dute: “Martxoaren 31n izan zen Durangoko bonbardaketaren urteurrena, eta beti esan izan dugu ez zutela Gernika bakarrik bonbardatu, baina Gernika da nazioartean ezagunena, eta beste herriak beste plano batean geratzen dira. Gogoratu eta ikusarazi behar dugu herri asko izan zirela bonbardatuak, eta denek merezi dutela errekonozimendua“. Durango Gernika-Lumotik oso gertu dago, eta Durango lehenago suntsitu zuten: “Lehenengo ‘Gernika’ Durango izan zen, baina Picassoren koadroagatik da ezagunagoa gure herrikoa. Horrek ezin ditu bigarren mailan utzi beste bonbardaketak”.
Gernika-Lumo memoriaren leku bezala gogoratzen den moduan, beste memoria leku batzuei ere behar duten balioa eman behar zaiela uste dute: “Pozarren hartu zuten erabakia. Zoritzarrez, gertaera berdina bizi izan dugu bi herriok. Eta gainera, Gernika Memoriaren Lekuko plataformakoak Durangon egon ziren urteurrenean”.
Sirena nork piztuko duen erabakitzea ez da lan erraza. Norbanako, talde edota eragile desberdinen lana hartzen dute kontutan, baita eurek egindakoak duen balio eta sinbolismoa ere: “Izan ere, gerta daiteke pertsona batek ekarpen txiki bat egin izana, baina ekarpen horrek sekulako balioa eduki izana denontzat. Edota alderantziz. Izan daiteke baita ere pertsona batek kristoren lana egin izana arlo konkretu batean, baina gure testuinguruan lekurik ez izatea”.
Sirena hotsei kanpai hotsek hartuko diete lekukoa astelehenean, Zalloko hilerrian. Urtero legez, bonbardaketan hildakoen omenezko lore eskaintza egingo dute udal arduradunek bertan.
Aurton ez da Bakearen eta Adiskidetzaren aldeko urteroko Gernika Saririk banatuko.
Gernika Gogoratuzek, baina, urtero legez, memoria lantzeko jardunaldia antolatu du Gernika udalarekin elkarlanean: Memoriaren politika publikoak. Gizarte zientziak, zuzenbidea, musika eta literaturatik gerturatzea. Jardunaldia apirilaren 24an izango da, zoom bidez.
Gernikako bonbardaketa ardatz hartuta, gizarte zientzietatik memoria egiteko politika publikoak aztertuko dituzte parte hartzaileek. Kepa Fernandez de Larrinoa etnografo eta antopologoak parte hartuko du, Daniel Rementeria antropologo soziokulturalagaz eta Mari Jose Olaziregi euskal filologoagaz batera; Maria Oianguren ariko da moderatzaile lanetan.
Kandelen menifestazioak emango dio amaiera eguneko egitarauari. Gernika Batzordeak antolatuta, hildakoak oroituz herriko kaleak isilean zeharkatuko dituzte herritarrek. 20:00etan jarri dute hitzordua Foruen plazan, ohi baino lehenago.
Egitarau, zabala. Bonbardaketaren urteurrenaren aurretik ere badago eguna gogoratzeko eta memoria historikoa lantzeko aukera. Gernika-Lumoko kultur etxeak, esaterako, Ron Englishen Guernica berriro imajinatzen erakusketa jarri du maiatzaren 21era bitartean kultur etxean. Loben ekimenez, Astran ere ikusgai dago Maitane Azurmendiren Loreak izeneko erakusketa.
Elkarrizketak, ikusentzunezkoak, memoriaren mapa eta Newroz ospatzeko ekitaldia. Ingo Niebel eta Xabier Irujo historialariak, Jose Mari Esparza eta German Ereña idazleak edota Bidasoako Kepa Ordoki elkartea dira apirilaren 15etik hasita memoria lantzen ari direnetako batzuk. Memoriaren mapa ere erakutsiko dute zapatuan: preso errepublikarrek eraikitako Gernika. Oroimen ibilbidea eginez aurkeztuko du Sarek preso errepublikarrek Gernikan berreraiki zituzten eraikinak zeintzuk diren.
Gernika Batzordetik zein Arrano Kultur Alkartetik egindako elkarrizketak, esaterako, Gernika Memoriaren Lekuko plataformaren webngunean jarriko dira, eta hortik mundu guztiak ikusi ahalko ditu.
Egitarau zabala, denetarikoa da aurtengoa, “hibridoa”. Joan den urtean egitarau bat aurrera atera zuten, eta hori ikusita aurten ere ez dira gelditu. “Derrepentean mundu digitalera igarotzen ikasi behar izan dugu, gauzak beste era batera egiten ikasi, eta memoria lanketa ez dela gelditzen erakutsi. Pandemiagaz edo pandemia barik. Moduak daude eta horrek landu egin behar dira. Iaz egitaraua atera genuen, eta posiblea zela ikusita, aurten bai edo bai zerbait egin behar genuen. Ahal bada presentzialki eta ezin bada online”, azaldu dute plataformako kideek.
Beste urte batez, egia, aitortza, memoria, etorkizuna eraikitzen jarraitzeko konpromisoa hartu dute plataforma osatzen duten elkarteek. “Talde asko gara, eta oso desberdinak. Helburu desberdinetakoak, adin desberdinetakoak, baina memoria lantzeko modu desberdinekiko errespetuak elkartzen gaitu. Plataforma ez da bakarrik elkar koordinatzeko lekua, memoria lantzeko modu eta bide desberdinak daudela onartzeko tokia baizik; horrek plataforma bera ere aberasten du”.
Talde bakoitzak bere aldetik ekintzak antolatzen ditu, eta talde bakoitzak bere kartelak ateratzen ditu, baina, gero, denek batera, kartel bateratua kaleratzen dute, “herriarentzat errazagoa izateko”. Gainera elkar laguntzen direla nabarmendu dute: “Talde batek zerbait antolatu badu, besteok han egongo gara, laguntzen. Elkar laguntzeko, koordinatzeko eta memoria lantzeko taldea da. Beti errespetutik eta desberdintasunetik”. Izan ere, errazagoa dela plataforma baten aterkipean ekimenak aurrera ateratzea azaldu dute.
EGITARAUA
Gaur, barikua
19:00. Ahotsak Ziomara Hormaetxe dantzari gernikarraren dantza ikuskizuna Lizeo Antzokian.
19:00. German Ereñak Isidora Fagoaga hitzaldia eskainiko du Astran, Gernika Garretan kultur elkarteak antolatuta.
Bihar, zapatua
12:00. Merkurion hasita, memoriaren mapa aurkeztuko dute: Preso errepublikarrek eraikitako Gernika. Sare Gernika-Lumok antolatu du.
17:00. Onlineko hitzaldia antolatu dute Gernika Gogoratuzek eta kultur etxeak: Politicas publicas de memoria. Aproximacion desde las ciencias sociales, el derecho, la musika y la literatura.
17:30. Kurdistanekin elkartasun ekimena: Newroz. Gernika Memoriaren Lekukok antolatu du eta www.guernicagernikara.eus webgunean ikusi ahalko da.
Apirilak 25, domeka
12:30. Ausarta dantza garaikideko emanaldia, Lizeo Antzokian. Ross dantza eskolak eta Bolonia Experimental-ek antolatuta.
13:00. Merkurion Ardiz mozorrotutako otsoak. Euskal armagintza industriaren zerrendailuna aurkeztuko du Gernika Batzordeak.
19:30. Astran, kontzertua. Ma-gali Sare eta Sebastia Gris arikodira. Antolatzailea: Lobak.
11:00-12:30. Memoritour bisita gidatua prestatu du Bakearen Museoak: Gernikako hilerria bonbardaketaren lekuko. Aurretiaz izena eman behar da: www.museodelapaz.org.
Apirilak 26, astelehena
12:00. Jose Labauriari omenaldia egingo diete udalak eta Gernikazarra historia taldeak, eskultura aurrean.
12:30. George L. Steer eta gerrako korrespontzalei omenaldia, Steerren eskulturaren aurrean. Antolatzaileak: Udala eta Gernikazarra historia taldea.
15:45. Sirena Hotsa eta 4 minutu ekimenak, Gernika Batzordea-ren eta Lobaken eskutik.
16:30. Bonbardaketan hildakoei lore eskaintza egingo die udalak Zalloko hilerrian.
20:00. Ibilbidea kandelekin eki-mena egingo dute. Foruen pla-zan hasiko da. Antolatzailea: Gernika Batzordea.
Bakaren Museoan. Sarrera doakoa izango da egun osoan zehar. 10:00etan bisita gidatua Instragrametik, eta 12:00etan eta 13:30ean babeslakuetara bisitak; euskaraz eta gazteleraz hurrenez hurren. Aurretiaz izena eman behar da: www.museodelapaz.org.
Apirilak 28, eguaztena
19:00. Foruen plazan, Gernika sortu zeneko 655. urteurrena gogoratuko du Gernikazarra historia taldeak eta kultur etxeak.
Maiatzak 3, astelehena
19:00. Astrako bunkerraren au-rrean, Bizi gira… Kutxa barria! Euskera memoriaren marka ekimena. Iparra Hegoa eta Gernika Memoriaren Lekukoren eskutik.