Pello Bilbaok Alpeetako Tourraren gaurko etapa irabazi du
Esprintean erabaki da Alpeetako Tourraren laugarren etapa. Simon Yates liderrarengandik 58 segundora bigarren dago Bilbao.
Pello Bilbao Lopez de Armentiak Alpeetako Tourraren (Italia) 4. etapa irabazi du, gaur. Orain dela lau urte istripuan hildako Michele Scarponi Astana taldeko txirrindulari izandakoari eskaini dio garaipena. 2017ko apirilaren 22an zendu zen, eta garai hartan Astanan zegoen Bilbao.
Esprintean erabaki da etapa. Boniprati 2. mailako mendatea, azken mendatea jaisten ari zirela tartea hartu dute hiru txirrindularik. Hain zuzen, helmugarako 1,6 km-ren faltan, Astanako Aleksandr Vlasoc errusiarrari eta BikeExchange Simon Yates britainiarrari batu zaie Bahrain taldeko txirrindulari gernikarra, eta helmugara heltzean, esprintean horiei nagusitzea lortu du.
Naturns eta Pieve di Bono arteko 168,8 km-ko etapa lau ordu, 39 minutu eta 42 segundotan amaitu du hirukoteak. 58 segundora sartu da Nairo Quintana.
Gaurko garaipenagaz, sailkapen orokorrean Yates liderrarengandik 58 segundora bigarren dago Bilbao (atzo hamargarrenetik hirugarren postura igo zen). Vlasoc dago hirugarren, lehenengoarengandik minutu bat eta sei segundora. Bihar amaituko dute Alpeetako Tourra. 120,9 km-koa izango da bosgarren eta azken etapa (Valle del Chiese-Riva del Garda).