Hondartzak garbitu eta birziklatzen ikasteko hitzorduak jarri dituzte
Lehenengoa hitzordua domekarako jarri du eta bigarrena maiatzaren 2rako (domeka). Izena eman behar da.
Gizarte Integrazio ikasketak egin dituen Leire Gutierrez bermeotarrak ikasketetako azken proiektua egin behar du, eta Zainatur proiektua sortu du. Proiektu horren baitan, herriko hondartzak garbitzea du helburu, horietan batutakoa ondoren birziklatzen ikasteko.
Herriko umeen eta familien laguntza eskatu du Zainatur proiektua garatzen laguntzeko, eta hitzordu bi jarri ditu horretarako: lehenengoa domekarako (apirilak 25) eta bigarrena maiatzaren 2rako (domeka). Domekan, Bermeoko hondartzak garbituko dituzte. Talapen, Aritzatxun, Atxetaken eta Tonpoian ibiliko dira zaborrak batzen. Egun horretan batutako zaborragaz, eskulanak egiteko tailer bat egingo dute maiatzaren 2an: “Umeek birziklatzeko aukerak ikastea da helburua”. Tailer horretan egiten dituzten eskulanekin erakusketa bat egin gura du, “herritarrak sentsibilizatzeko” helburuagaz.
6 eta 12 urte bitarteko umeei parte hartzeko deia egiten badie ere, domekako jardunaldira familian joan daitezkeela azaldu du; “zenbat eta jende gehiago, zaborrak batzeko hobeto”.
Izena emateko zainaturbermeo@gmail.com helbide elektronikora bidali beharko da mezu bat, helbide horretan argituko dituzte zalantzak ere.
Bi egun horietan 09:00etan batuko dira Nestor Basterretxearen Olatua eskulturan, eta 13:30ean amaitzea aurreikusten du. Parte hartzaileei hamaiketakoa eroateko deia egin die.
Laguntzaileekin. Zainatur Gutierrezek berak sortutako proiektua bada ere, zenbait lagun izango ditu laguntzaile, eta eskulanak egiteko tailerrerako monitoreak ere egongo direla zehaztu du.
Herritarrak animatu ditu parte hartzera: “Hiru neba-arreba txiki ditut, eta horien ingurukoak animatu dira parte hartzera, batzuk, hortaz, egongo gara”.