Greba eguna dute gaur sektore publikoan
Martxa zaratatsua egin dute 09:00etan hasita Bermeon. Sektore publikoko langileak udal eraikin guztietatik ibili dira. Sindikatuen arabera, grebak "oihartzun handia" eduki du.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sektore publikoa osatzen duten eremu guztiak daude greba egitera deituta: Udalak, Foru Aldundiak, Osakidetza, Hezkuntza, Administrazio Orokorra, Justizia, Garraio Publikoa, Hedabide publikoak eta gainerako sektoreak.
Bermeon, 09:00etan batu dira Goiko Plazan. Bertan batu dira bertoko sektore publikoko langileak, eta martxa zaratatsuan abiatu dira udal eraikin guztietatik. Arratsaldean, berriz, Lamerako harrizko bankutik manifestazioan irtengo dira 19:00etan.
Enplegu publikoa sortu eta milaka behin behineko langileren kontsolidazioa galdegiteko mobilizatzeko deia egin dute LAB, ELA, CCOO, SATSE, STEILAS eta ESK sindikatuek.
“Arrakasta”. Sindikatuen arabera, grebak “oihartzun handia” eduki du, eta langileek egindako piketeak eta ekintzak ere arrakastatsuak izan dira. Erantzun handiena hezkuntzan, udaletan eta aldundietan izan dela azaldu dute, baita hedabideetan ere.
Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak sektore publikoko grebaren jarraipenari buruzko datuak eman ditu eguerdian. Ordura arteko datuak eman ditu; esan duenez, administrazio orokorrean, hau da, Gobernuko sailetako eta erakunde autonomoetako langileen kasuan, grebaren jarraipena %16,4koa izan da.
Osakidetzaren kasuan, goizeko txandako informazioa kontuan izanda, jarraipena %2,87koa izan dela esan du. Kategorien arabera, hala ere, desberdintasunak egin direla aipatu du: Adibidez, erizainen %2,66k egin du greba, medikuen %1,13k, eta gainerakoetan %4,58k.
Garamendiren arabera, hezkuntzan langileen % 29,4k egin du bat lanuztearekin, eta justizian, berriz, % 2,84k.
Sailburuak azpimarratu du deialdia sailean hainbat ekimen jorratzen ari diren unean etorri dela, hain zuzen ere, “behin-behinekotasunaren arazoa errotik mozteko eta kontsolidazioan aurrera egiteko”.