Urdaibaiko arrano arrantzaleak bigarren arrautza jarri du
Urte luzez Urdaibain jaioko den lehenengo arrano arrantzalea ikusi arte, hilabete bat itxaron beharko da. "Historikoa, zoragarria, oso une berezia da hau. Arrano arrantzaleek duela hainbeste urte espero genuen poza eman digute".
Urdaibaiko arrano arrantzalea Biosfera Erreserban berriro finkatzeko Urdaibai Bird Centerrekoek martxan jarritako planak aurrera jarraitzen du. Duela aste batzuk hezegunera iritsi ziren Roy –arra– eta Landa –emea– arrano arrantzaleak, eta lehenengo arrautza jarri zuen domekan. Atzo, bigarren arrautza ipini zuen.
Hegaztien zentroko arduranek zehaztu zutenez, hirugarren urteko eme gaztea izanik, bigarren arrautza errutea espero zuten. «Eme helduek hiru erruten dituzte, eta, salbuespen gisa, lau. Arrautzak egun eta erdian edo bi egunetan erruten dituzte, eta inkubazioak 35 egun irauten ditu», gaineratu dute. Prozesu guzti hori zuzenean ikusi ahal da Urdaibai Bird Centerren webgunean eta Youtubeko kanalean, arrano arrantzaleen egunerokoa jarraitzeko kamerak zuzenean emititzen jarri dituzte-eta.
Baina, mendeetan Urdaibain jaioko den lehenengo arrano arrantzalea ikusi arte hilabete bat itxaron beharko da. “Historikoa, zoragarria, oso une berezia da hau. Arrano arrantzaleek duela hainbeste urte espero genuen poza eman digute. Askok orduak eta orduak eman ditugu telebista edo ordenagailuaren pantaila aurrean arrano bikote honen jarraipena zuzenean ikusten, eta itxaronaldiak merezi izan du”, pozarren adierazi dute zentroko kideek, prozesu guztia begirik kendu barik jarraitzen dutela nabarmenduz.
Hilabete honetan, Roy arrantzale “bikaina” izatea espero dute, lazunak, lupiak edo muxarrak habiara eramateko.
Hezegunera itzulera. Jatorri frantses-eskoziarreko familia da Urdaibain sortu dena, Roy Eskozian jaio zelako eta Landa berriz, Frantziako Orxeko hezegunean. Urdaibaiko Biosferaren Erreserban lehen aldiz eratu den ugal bikotea da.
Martxoaren 31an elkartu ziren Urdaibain, Landa Afrikatik bueltatu zenean. “Roy eta Landa, baina, Orxeko paduretan parekatu ziren joan den udaberrian”, jakinarazi dute zentroko arduradunek. Zehaztu dutenez, euren elkartzea oso berezia izan zen: “Esaten denez, animaliek ez dute sentimendurik, baina domekan Roy eta Landarekin bizitakoa berezia izan zen. Urrunaldi luze baten ondoren bi maiteminduen arteko elkartze baten antzeko momentua izan zen. Domekako 20:00ak ziren, eta Roy erotu egin zen bat-batean, harraparientzako lo egitera joateko ordua zenenean. Habiara joan beharrean, zeruan gora egin zuen, eta airean gora eta behera hasi zen etengabe hegaz, guztiz aztoratuta. Pozez eta eromenez beteta zegoen”.
Biak elkartzeko, baina, denetariko arriskuak eta arazoak gainditu behar izan dituzte. “Afrikako arrisku guztiak gainditu ondoren, basamortua zeharkatu eta, dorre elektriko, haize-sorgailu eta tiro egin ziezaioketen burugabe guztiak gainditu ondoren penintsulara eta Euskal Herrira iristea lortu dute”, nabarmendu dute.
Ugalketa, baina, Urdaibairako “seinale bikaina” izan dela diote: “Naturak gure artean bere lekua izan duenaren seinale”.