Odol emateak %23,33 igo dira Gernika-Lumon
Bermeon eta Mundakan ere, odol emateen kopuruak gora egin du nabarmen. Gernika-Lumon odola eman zuten emaile berrien kopurua ere azpimarratzekoa da: 53 emaile berri.
1.105 odol emategaz, Gernika-Lumon odola eman dutenen kopurua igo egin zen iaz. 2019ako datuekin alderatuta 209 odol emate gehiago egon ziren udalerrian, hau da, 2019an baino %23,33 gehiago. Udalerriko Odolkideak elkartekoek adierazi dutenez, datuak “guztiz positiboak” dira.
2020ko martxoan pandemia hasi zenetik, hilabetez hilabete odol emateen kopuruak goranzko joera izan du: “Hilero-hilero goranzko joera egon da Artekale kalean kokatzen den odola emateko autobusean”. Hori horrela, 1.105 odo emategaz, 1.100eko maila gainditu zuen iaz Gernikak. Azken urteetako datuei erreparatuta, 2004koak dira udalerriko onenak: 1.438 odol emate. Ordutik, urtez urte datuak jaitsiz joan dira kopuruak, milatik gorako azken datuak 2017koak izanik; 2018an 965 odol emate egon ziren, eta 2019an, 896. “Azken hamar urteetan gorabeherak egon arren, odol emate kopurua beti ibili izan da 1.000tik 1.450eko tarte horretan. Iaz, 1.105 odol ematera heldu ginen, eta datu oso onak dira”, azaldu dute.
Igoera “nahikoa” izan da, baina kontutan hartu behar dela pandemiaren ondorioz odola emateko lekuetan eman den banaketa diote: “Pandemian fabrikak zarratuta egon ziren eta Gernikara etorri ziren langileak, baita Galdakanon odola ematen zutenak ere. Hala ere, orokorrean, emate kopurua beste faktore batzuengatik ere hazi egin da. Jendeak ikusi du odola emate beharrezkoa dela”.
Gernika-Lumon odola eman zuten emaile berrien kopurua ere azpimarratzekoa da: 53 odol emaile berri egon ziren. Horietako 27 emakumezkoak izan ziren eta 26 gizonezkoak. “Odol emaile berriak izatea garrantzi handikoa eta ezinbestekoa da emoitzaren iraunkortasunerako. Gernika-Lumoko kasuan azpimarratzeko da andrazko gehiago direla gizonezkoak baino. Normalean gazteenak izaten dira emaile berriak eta sexuaren araberako datuek erakusten dute nesken prestutasuna”, nabarmendu dute Odolkideak elkarteko kideek. Emaileen errepikatze tasa 1,83koa izan zen 2020an: “Beste urte batzuetan 1,8 edo 2koa izan da. Gure odol emaileak kontzientzia handikoak dira eta ondo eusten die odola ematearen konpromisoari”.
Busturialdean ere, gora. Gernika-Lumon odol emateen kopuruak gora egin du, baina eskualdean ere joera berdina da mantendu dena. Datuak adierazten dutenaren arabera, Bermeon eta Mundakan ere egon da odola emateko autobusa egon da, eta datuak esanguratsuak dira.
629 aldiz eman zuten odola Bermeon, 2019an baino 249 aldiz gehiago; 380koa zen kopurua 2019an. Mundakan, berriz, 79 aldiz eman zuten odola, 2019an baino 62 aldiz gehiago.
Bizkaiko datuak ere gora egin dute 2020an, %17,65 igoera edukiz.
Eskualdean jarritako autobusetan odola emateaz gain, aferesiaren bidez odola emateko aukera ere badago, eta hala egin dute eskualdeko 13 emailek: Gernika-Lumoko bederatzik, Muruetako bik eta Muxika eta Elantxobeko banak. 30 aldiz eman zuten odola iaz. “Kopuru esanguratsua da. Normalean Galdakanon aferesi bidez odola ematen dutenak odol emaile beteranoak izaten dira, autobusean askotan odola eman dutenak”, diote. Zehaztu dutenez, aferesi bidezko odol emateak odoleko osagai bat edo bat baino gehiago berariaz ematea dakar. Hau da, odoleko osagairen baten kopuru handiagoa lortzea ahalbidetzen du (plaketak normalean) gaixo zehatzentzat; normalean tumoreen aurkako tratamenduetarako erabiltzen da. Prozesua apur bat luzegaoa da, eta ekipamendu konplexuagoa behar duenez, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroak dituen lurralde egoitzetan egin ohi da.
Garrantzia. Gernikaldeko odol emate datuak goranzko bidea hartu dute, eta joera hori “mantendu eta berriztu” behar dela diote Odolkideek. “Gernikan, sasoi batean 72 odol emate egoten ziren 1.000 biztanleko. Gaur egun, udalerriko bizilagunen odol emateak 837 izanda, tasa hori 48,93 odol ematetan dago 1.000 biztanleko”, azaldu dute, eta tasa horregaz Osasuneko Mundu Erakundeak autosufizientziarako gomendioa betetan dela diote.
Hala ere, emaile gehiago eta gazteagoak behar direla uste dute: “Gizarte mailan odolaren beharrizana egindakotzat ematen du jendeak, baina odola emateko joera eta tasa horreri eutsi ezean, ez da odola bermatuta egongo. Odola aurretik egon behar da gero erabili ahal izateko. Berezkorik ez dago, eman egin behar da. Gure arloa da, denona, eta kontzientzia sortu behar dugu. Odola eman egin behar da, eta eman ere sarriago emon”.
Odolkideak elkartekoek, gainera, odola ematera hurreratu diren guztiak eskertu dituzte: “Emaileek erakutsi dute euren jarrera eskuzabala, solidarioa eta bihotz onekoa. Eurak dira gure mezulari eta lekukorik onenak. Eskerrak, beste kolaboratzaile askori ere, tartean, dendariei, lagunei, erakundei edota udalei”.