Busturialdeko sei odol emaile omendu dituzte
Urtez urte odola emateko konpromisoari eutsi eta 40 eta 50 odol emate baino gehiago egin dituzten Busturialdeko sei odol emaile omendu dituzte.
Bizkaiko Odol Emaileen Elkarteak 40-50 bider odola eman duten 210 bizkaitar omendu zituen iaz, eta tartean daude Busturialdeko sei odol emaile. Iñigo Alberdi muxikarra, Mari Jose Ugarte eta Pedro Uriarte gernikarrak, eta Arantza Amable, Luis Gondra eta Umberto Agudo bermeotarrak. Pandemia dela eta, ez zuten egin urteroko omenaldi ekitaldia, baina odol emoileen konpromisoa eta ekarpena saritu zituen elkarteak, diploma eta opari bana emanez.
Odol emaile “handiak” direla nabarmendu dute Odolkideak elkartekoek, 40 eta 50 odol emate baino gehiago egin dituztelako: “50 odol ematetik gora dituzte gizonezkoek eta 40tik emakumezkoak. Izan ere, gizonezkoek urtean lau bider eman dezakete odola eta andrazkoek 3 bider. Hori horrela, kontuak aterata, urte asko dira hutsik egin barik odola emateko tarte bat ateratzen dutela, norberaren denbora librean eta eskuzabaltasunez”. Urte luzez Alberdik, Ugartek eta Uriartek izan duten konprisoa balioan jarri gura izan dute elkartekoek. “Ez dira baten joan, urte luzez konpromiso hori mantendu dute, eta balio handikoa da hori. Gizartearen izenean, eta batez ere gure osasun sistemaren izenean eskerrak emon behar dizkiegu”.
Odolkideak elkartekoek adierazi dutenez, pandemia sasoian odola emotea “segurua eta beharrezkoa” izan da, eta holan ulertu dute odol emoile askok. “Gure odol emoileak eskuzabaltasuna, bihotz ona erakutsi dabe, eta ganera beste urte batzuetan baino gehiago emon izan dabe odola”.