Sektore publiko osoan deitutako greba
LAB, ELA, CCOO, SATSE, STEILAS eta ESK sindikatuek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sektore publikoan greba deitu dute apirilaren 22rako (eguena). Gaur egungo lege proiektuak "ez direla nahikoa" uste dute.
Enplegu publikoa sortu eta milaka behin behineko langileren kontsolidazioa galdegiteko mobilizatzeko deia egin dute LAB, ELA, CCOO, SATSE, STEILAS eta ESK sindikatuek. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sektore publikoan greba deitu dute eguenerako [apirilak 22].
Bermeon 09:00etan Goiko plazan hasiko dute “zarata ibiltaria” eta Lamerako harrizko bankutik manifestazioan irtengo dira 19:00etan. Goizean Bilbon egingo den manifestaziora joateko deialdia zabaldu dute (11:30ean hasiko da Jesusen Bihotzean).
Sektore publikoa osatzen duten eremu guztiak daude deituak: Udalak, Foru Aldundiak, Osakidetza, Hezkuntza, Administrazio Orokorra, Justizia, Garraio Publikoa, Hedabide publikoak eta gainerako sektoreak.
“EAEko zerbitzu publikoek bizi duten egoera larriaren aurrean, martxoaren 1ean, LAB, ELA, CCOO, SATSE, STEILAS eta ESK sindikatuok publiko egin genuen apirilaren 22rakogreba deialdia, sektore publiko osorako. Zoritxarrez, hilabete bat baino gehiago igaro denean, esan dezakegu ez Eusko Jaurlaritzak, ez gainerako instituzioek, ez alderdi politikoek, ez dutela urratsik eman sektore publiko osoak jasaten duen behin-behinekotasunaren eta enplegu publikoaren suntsipenaren arazo larriari konponbidea emateko. Argi dago, erakutsitako borondaterik ezaren aurrean, mobilizazioa beste biderik ez digutela utzi”.
Esan dute enplegu publikoa sortzea eta sektore publikoko milaka behin-behinko langileen kontsolidazioa “ezinbesteko aldarrikapena” dela azken urteetan martxan jarritako politikei aurre egiteko: “murrizketak, austeritatea, pribatizazioak, lan-baldintzen prekarizazioa, enplegu suntsipena, eta gure sektore publikoaren etengabeko ahultzea, besteak beste”.
Izan ere, azpimarratu dute langile horiek urte luzez aldi baterakoak izan arren (behin-behinekotasun egoeran erretiratzera ere iristen dira), “zerbitzu publikoak aurrera ateratzen dituzte egunero”, eta horien ahalegina eta inplikazioa “ezinbestekoa” izan da pandemiari aurre egiteko.
Administrazio guztietan daukaten behin-behinekotasun tasa “onartezintzat” jo dute: “Eusko Jaurlaritzak berak onartu du gure sektore publikoak Espainiako eta Europako behin-behinekotasun tasa handiena duela. Tasa %40tik gorakoa da, eta ez da salbuespena, administrazio, sektore eta eremu guztietan sistematikoki, modu orokorrean eta kasu askotan iruzurrez errepikatzen den errealitatea baizik”.
Sindikatuen kideentzat premiazkoa da egoera horri irtenbide egokia ematea. Horien arabera, gaur egungo lege proiektuek ez dute konponbiderik bermatzen: “Zalantzarik gabe, egun mahai gainean dauden lege proiektuak ez dira konponbide egokia, ez baitira nahikoak”.