Bakearen Museoak ere Gernikako bonbardaketaren 84. urteurrena gogoratuko du
Mota guztietako jarduerak antolatu ditu duela 84 urte gertatutakoa gogoratzeko: ibilbide gidatuak eta hitzaldiak eskaini eta dokumentazio zentroko dokumentuak erakutsiko dituzte.
Gernika-Lumoko Bakearen Museoak bat egin du bonbardaketaren 84. urteurrenaren ospakizunarekin, “modu presentzialean eta birtualean”. Mota guztietako jarduerak antolatu ditu duela 84 urte gertatutakoa gogoratzeko: ibilbide gidatuak eta hitzaldiak eskaini eta dokumentazio zentroko dokumentuak erakutsiko dituzte.
Apirilaren 25ean, domekan, Gernikako Zallo hilerrira joango dira, eta 36ko Gerraren aztarnak ezagutzeko bi ibilbide gidatu eskainiko dituzte, ordu eta 15 minutukoak, 11:00etan eta 12:30ean hasita. Parte hartu ahal izateko aldez aurretik izena eman beharko da, egungo egoera dela eta lekuak mugatuak direlako.
Apirilaren 26an, 84. urteurrenean, ate irekien jardunaldia izango da Bakearen Museoan, 13:30etik 17:30era bitartean. “Gernikan duela 84 urte, gertatutakoaz gehiago jakin nahi duten guztientzat, bere gelak zabalik izango ditu”, azaldu dute arduradunek. Horrez gainera, bisita gidatu bat eskainiko dute gaztelaniaz, doan eta online. Euren Instagram kontuan –@museodelapazdegernika– ikusi ahalko da 10:00etan. Bi ordu beranduago, 12:00etan, Babesleku antiaereoen ibilbide gidatua eskainiko dute euskaraz, eta 13:30an gaztelaniaz.
Egun horretan, gainera, Bakearen Museoko dokumentazio zentroko hainbat dokumentu edo “altxor” partekatuko dituzte sare sozialetan.
Apirilaren 29an, eguenean, doako webinar bat eskainiko du museoak, euskaraz. Zoom bidez egingo dute batzarra, eta museoak berak eta beste elkarte batzuek 36ko Gerra eta Gernikako bonbardaketa online lantzeko dituzten baliabide pedagogiko berriak erakutsiko dituzte.
Egitarau berezi hau Bakearen Museoak Gernikako historia eta memoria lantzeko egiten duen eguneroko lanarekin osatzen dela adierazi dute museoko arduradunek.