Apirilaren 22an mobilizatzeko deia egin die ikasleei IAk
Gernika-Lumoko institutuan elkarretaratzean batuko dira 11:00etan. "Kalitatezkoa, unibertsala eta doakoa" izango den hezkuntzaren eta "langile klasearen hezkuntzarako sarbide unibertsalaren" alde mobilizatuko dira.
Sektore publikoan sindikatuek eguenerako deitutako grebagaz bat eginez, Ikasle Abertzaleak antolakundeak ikasleen mobilizazioak deitu ditu etzirako [apirilak 22]. Gernika-Lumoko institutu aurrean egingo dute elkarretaratzea, 11:00etan.
Hezkuntzako sektore publikoak bizi duen egoera salatzeko eta euren irakurketa plazaratzeko baliatu gura dute apirilaren 22a. Egungo hezkuntza publikoan “gizarteko kapa pobretuenak kanporatzeko joera gero eta handiagoa” dela iritzita, “kalitatezkoa, unibertsala eta doakoa” izango den hezkuntzaren alde mobilizatuko dira ikasleak. Zehazki, “langile klasearen hezkuntzarako sarbide unibertsala” izango da aldarrikatuko dutena.
“Ikasle Abertzaleok larritasun handiz ikusten dugu langile klasea hezkuntzatik esponentzialki kanporatua izateko arriskua; alegia, burgesiaren ofentsibaren ondorio izaten ari den pribatizazioak sor dezakeen segregazioaren handitzea. Hezkuntza publikoaren aurkako eraso gisa gorpuzten ari da ofentsiba burgesa, proletarioatzaren eskubide oro murriztuz. Hori dela eta, ezinbesteko zeregina izango da datozen urte gogorretan hezkuntza eredu publikoa defendatzea eta hezkuntza eredu burgesa iraultzea”, adierazi dute.
Eskaera hauek egingo dituzte: Ikas-materialaren eta garraioaren eta klase partikularren eta baliabide teknologikoen doakotasuna, eta kontrol sozialaren eta autoritarismoaren adierazpen guztien deuseztatzea.