"Niretzako sorkuntza terapia da"
‘Ahotsak’ proiektua martxan dauka Hormaetxek, eta ‘Mötus’ izeneko film labur bat garatzen ari da Pierre Antoine Menage musikariagaz. Arte eszenikoetako sortzaileen errealitatea "gogorra" dela dio.
Ahotsak izeneko lanaz gain, ba al daukazu beste proiekturik esku artean?
Konfinatuta nengoela beste proiektu bat abiatu nuen. Pierre Antoine Menage musikari frantsesagaz elkarlanean, Mötus izeneko film labur bat egiten ari naiz. Trilogia bat da, hiru bideoz osatutako film laburra. Hiru momentu eta errealitate kontatzen ditu, batetik bestera igaroz.
Noiz sortu zen ideia?
Trilogia bat egiteko ideia bat-batean sortu zen, itxita egon eta kalera irteteko beharretik. Izan ere, konfinatuta egonda, gorabehera asko izan nituen, baina kalera ateratzen utzi zigutenean, zerbait grabatu gura nuen.
Zer kontatzen duzu Mötus izeneko lanean?
Gaia ez da konfinamendua, baina konfinamendutik sortutako pieza bat da. Ez dut konfinamenduaz berba egiten. Konfinamendu garaian izan nituen sentsazioak dira dantza honen oinarria. Handitasunari buruz berba egiten dut, edertasunari buruz, ingurumenari eta horren handitasunari buruz. Baita guk ingurumenagaz daukagun erlazioari buruz ere.
Bideo bakoitzean gai bat jorratzen duzu?
Lehenengo bideoan asaldatzen nauen zerbaiti buruz hitz egiten dut. Konfinamenduaren sentsazioa izan daiteke. Kaosa dago lehenengo bideoan. Zarata asko. Emozio asko. Arrazionaltasunik ez dago, inondik inora. Emozioa da dena, eta oso nahastuta dago guztia. Ereñoko harrobian nago, gizakiak manipulatutako leku batean. Zarata dago. Ta-ta-ta-ta. Emozio asko dago, zarata, kaosa.
Bigarrenean zarata gelditu egiten da?
Desertua da nagusi bigarren zatian. Lehenengo ataleko guztia lehertu da. Pum. Pertsona bakarra dago desertuan. Apokalipsia da. Dena apurtu da. Isiltasuna da nagusi. Bertan dagoen pertsonak desertu hori guztia zeharkatu behar du hainbat kontu argitzeko eta konpontzeko. Isiltasunetik lehen ulergaitzak ziren kontuak ulertzen ditu. Bakartasun horretatik, isiltasunetik, gauzak uler daitezke. Amaitu da kaosa.
Eta hirugarrenak, zertaz berba egiten du?
Uragaz dauka zerikusia. Zerbait berriro hasten da. Uraren jariakortasuna da nagusi.
Zein momentutan dago lana?
Orain bigarren bideoa muntatzeko lanetan ari gara, eta hirugarrena uda aurretik grabatuta eta editatuta izatea espero dut. Ekainerako uste dut proiektua amaituta egongo dela.
Lehenengo atala grabatuta dago dagoenerako. Ereñon grabatu zenuten, zelan joan ziren grabaketa lanak?
Beharrizan batetik sortutako proiektua da Mötus. Bat-batean Paul Asuari esan nion zerbait grabatu behar zidala. Ereñora joan ginen, bideoa grabatu genuen eta gero, bat-batean, bigarren eta hirugarren bideoak egiteko ideia sortu zitzaidan. Bigarren bideoa Fuerteventuran grabatu nuen urte hasieran. Irlako kamera bat kontratatu nuen grabatzeko, eta bideoa editatzen ari gara orain. Hirugarrena falta zait, eta ziurrenik Urdaibaiko paduretan grabatuko dut, uragaz zerikusi handia duen tokia gura dudalako.
Holako proiektu bat egiten duzun lehen aldia da?
Nik ez nuke inoiz esango bakarlari lanetan film labur bat egingo nuenik. Ez dut inoiz horrelako beharrizana eduki, baina orain konturatu naiz sekulako jakinmina dudala, eta istorio bat eraikitzeko gogoa daukadala.
“Beharrizan batetik, bat-batean sortutako proiektua da garatzen ari garena: Mötus”
Proiektua konfinamendua amaitzean sortu duzu, baina zelakoa izan zen iazko urtea dantzarientzako?
Ahazteko urtea izan zen iazkoa. Ez nuen ia ikuskizunik eskaini, eta horiek niretzako oso garrantzitsuak dira. Izan ere, sortutakoa jendeagaz partekatzeko aukera ematen dizute emanaldiek, eta nik partekatzeko beharrizana izaten dut. Ikusleekiko hartu-emana behar dut. Hori barik, egia esan, denak zentzua galtzen duela sentitu dut. Berezia izan da hori sentitzea, lehenengoz. Oso gorabeheratsua izan da urtea. Ea orain agintariek zelan jorratzen duten kulturaren arloa. Hirugarren edo laugarren lekuan gelditzen da beti eta ez dira ohartzen kulturak ematen zaion garrantzia baino askoz gehiago duela. Ez dakit gauzak aldatuko diren edo ez, baina arte eszenikoek duten garrantzia zein den argi dago, bai maila erreflexiboan, bai partekatzerakoan…
Arte eszenikoetan proiektuetarako diru laguntzak jasotzea ere ez da kontu erraza.
Lehenengo hautagaitza aurkezten duzunetik asko itxaron behar da baiezkoa jasotzeko, hori, jasoz gero. Izan ere, ezezko asko jasotzen ditugu arte eszenikoetan. Hori da gure errealitatea. Ahotsak proiekturako diru laguntza jaso dut, eta erraz esaten da languntza jaso dudala, baina laguntza hori jasotzeko lan asko eta asko egin dut. Hautagaitza aurkeztea, esaterako, sekulako lana da, ezin imajinatu daiteke. Urtebeteko lana izan daiteke, gero ezezkoa jasoteko eta proiektua ezin burutu ahal izateko. Baina jarraitu egin behar da.
Ezezkoei aurre egin behar diozue askotan. Sortzailea prest egon behar da horretarako.
Ezetza jaso, eta gero berriro eta berriro eta berriro bidali behar dituzu proposamenak. Hor kontu handia izan behar dugu, etanorbere proiektuan asko sinistu, asko baitira jasotzen diren ezezkoak. Askotan ez da artistaren aldea ikusten, baina aurrera jarraitzea oso gogorra da mundu honetan. Oso erraza da batzuetan triste egotea, ezezko asko jasotzen direlako, bai jaialdietan, bai hautagaitzetan eta baita diru laguntza bat jasotzerako orduan ere. Laguntza bat jasotzea oso zaila da. Mundu zaila da arte eszenikoena, ezezko asko jasotzen ditugu. Zalantzaz betetako mila momentu daude, baina buruari ezetz esan eta norberaren lana ikaragarria dela sinistu behar da.
Zer da garrantzitsuena momentu horietan?
Garrantzitsuena bakoitzak bere proiektuan sinistea da, bide horretan ezezko asko jasotzen direlako. Nahiz eta ezezko horiek guztiak jaso, azkenean, norbere proiektuan sinisteak aurrera jarraitzeko gogoa berpizten du. Jaialdi batek ezetz esan diezazuke, baina zuk zure lanean sinistea da garrantzitsuena. Horrek ahaldundu egiten gaitu. Hori ezin izango digu inork kendu. Pentsatzen duguna baino indartsuagoak gara. Artista edo sortzaile gehienek sekulako indarra dute. Oso txarto egon arren, barruan bultzada berezi bat izaten dugu, aurrera egiteko esaten diguna. Ni ere harriu egiten naiz.
Proiektu bat sortzeko prozesuak geldoak izaten dira.
Prozesu baten faseak astiro doaz, oso mugatuta gaudelako. Sortze prozesuen lana laburra da, aurretik dagoena ikaragarri handia da, eta gero dagoena ere, sekulakoa. Arte eszenikoetako sortzaileok psikologikoki prestatuta egon behar dugu. Izan ere, gehien gozatzen dugun momentua izaten da sortze prozesua. Aurretik ideia idatzi, diru laguntzak bilatu, hautagaitzak bidali, ezetzak jaso, urtebete igaro, eta baiezkoa jaso behar dira. Orduan hasten da sortze prozesua, aurretik, dirurik barik ezin delako ezer egin. Behin hori amaituta, banaketa fasea dator: proiektua bidali, ez, ez, ez, ez. Eta zuk egindako lana, geldi dago. Guzti hori pasatu behar badugu ere, sekulako indarra daukagu aurrera egiteko. Izan ere, niretzako sorkuntza terapia da. Ez dago besterik. Arraro sentitzen naiz dantza egiten ez dudan egunetan. Baina horrek ez du esan nahi ez zaidala kostatzen lanera joatea. Jendeak uste du nire pasioa dantza dela eta gustura egiten dudala. Hori egia da, baina lana ere bada aldi berean. Hori ez dago oso barneratuta hemen. Frantzian desberdina da. Dantzarien lanbidea errespetatu egiten dute, baita baloratu ere.