Bermeok, Elantxobek eta Mundakak Euskadiko Batel Txapelketa jokatuko dute asteburuan
Legutioko Josetxo Fernandez Bakeriza estropada eremuan jokatuko dute Euskadiko Batel Txapelketa asteburu honetan. Bihar [apirilak 17] sailkatze estropadak lehiatuko dituzte, 16:00etan hasita eta finalak domekan [apirilak 18] , 11:00etatik aurrera. Hainbat kategoriatan ariko dira Bermeo, Elantxobe eta Mundaka.
Denen artean zazpi batelek ordezkatuko dute eskualdea. Bermeok hiru batel edukiko ditu: ume, gazte eta senior mailetako mutilen batel bana. Elantxobetik gazte eta senior kategorietako mutilen talde bana lehiatuko da, eta Mundakako ume eta kadete mailetako mutilak uretaratuko dira.
Biharko sailkatze estropadetan, ume kategoriakoek bi luze eta ziaboga bat egingo dituzte, 1.000 m-ko eremuan; kadeteek hiru luze eta bi ziaboga, 1.500m-tan; gazte mailakoek lau luze eta hiru ziaboga, 2.000 m-tan eta absolutu kategoriakoek (j/s), lau luze eta hiru ziaboga, 2.000 m-tan.
Euskadiko Arraun Federazioaren ordezkariek jakiterna eman dutenez, biharko kanporaketen txanden osaera eta balizen ordena zozketa bidez egingo dituzte bihar, 14: 30ean hasiko duten ordezkarien bileran.