Ahotsak mugimendu bilakatuz
Gernikako bonbardaketaren biktimen testigantzak oinarri dituen ‘Ahotsak’ izeneko koreografia sortu du Ziomara Hormaetxe gernikarrak, eta apirilaren 23an aurkeztuko du Lizeo Antzokian.
Ahotsek isiltasuna istorioz, sentimenduz, bizipenez edota testigantzez betetzen dute. Begiak zabalik amesteko gaitasuna pizten dute, eta gogoetarako griña sortu. Sarritan ahazturan gelditzen diren ahotsak eta testigantzak batu eta koreografia bihurtu ditu Ziomara Hormaetxe dantzari gernikarrak, Ahotsak izeneko lan berrian.
Gerrak sortzen duen minaz, injustiziaz, bakardadeaz eta suntsipenaz hainbatetan berba egin dute Gernikako bonbardaketako lekuko izandakoek, eta testigantza horiek abiapuntu hartuta, koreografia bat sortu du Hormaetxek: “Nire asmoa ez da bonbardaketan zer pasatu zen kontatzea, ez dut historia kontatzen. Testigantzak hartu, eta horiei buruz hausnartzen dut. Biktimen ahotsak izan dira nire abiapuntua koreografia hau sortzeko”.
Ahotsak lan «oso pertsonala» da, dantzariak bere aitonaren eta amonaren memorian egindako pieza. Izan ere, obraren abiapuntua sorterrira bueltatzea izan zen: “Zenbait urtez atzerrian lanean egon naiz, teknologia berriak eta dantza uztartuz piezak sortzen. Baina udalerrira bueltatu nintzenean, nire sustraietara bueltatu nintzen. Amama eta aititerengana, baserrira itzuli nintzen, baserrira. Beti izan dut nire sustraiei buruzko zerbait sortzeko gogoa, eta gogo horiek berpiztu ziren”.
Horri Gernikako bonbardaketari buruz eta lekukoen testigantzei buruz Hormaetxek izan duen jakinmina gehitu zaio: “Bonbardaketaren lekukoen testigantzak zuzenean hartuko ditugun azken Lobak gara, eta pieza bat sortzeko unea zela erabaki nuen”.
Adierazi duenez, Oier Plazak sekulako lana egin zuen bonbardaketako lekukoen testigantzak jasotzen, eta Lobak proiektuaren parte ere izan da dantzaria. “Oierregaz berba egin nuen, eta Lobak proiektuan ere parte hartu nuen. Nire lagunarteak ere testigantzei buruzko lan artistiko desberdinak egin ditu. Nire inspirazioa gero eta handiagoa zen, eta horri buruzko zerbait egiteko momentua zela pentsatu nuen. Orduan hasi nintzen sortzen, idazten eta Ahotsak proiektuari forma ematen”.
Hunkigarria da piezaren zergatia, eta pieza bera ere halakoa izatea bilatu du dantzari gernikarrak. Aurreko lanetan teknologiagaz lan egin zuen, baina pieza hau «krudelagoa» izatea bilatzen zuen. “Gorputzak eta punto”. Ez dago besterik.
Kaleko ikuskizuna
Edonolako espazioan egiteko pieza da Ahotsak: kalean, aretoan, edonon egin daiteke: “Kaleko ikuskizuna da berez, baina edonon egin daiteke. Horrek beste zentzu bat ematen dio lanari: Gorputzak bakarrik egongo dira”. Sortze prozesua, beraz, guztiz ezberdina izan da Hormaetxerentzat. “Sortze prozesu batean ez da berdina gorputza eta mugimendua bakarrik kontuan izatea, edo aurreko kasuetan legez, gorputza eta mugimenduaz gain, teknologia eta irudia kontrolpean eduki behar izatea. Hemen ez. Purua den horretara joatea bilatu dut, eta hori gorputzak dira”, azaldu du sortzaileak.
«Biktimen ahotsak izan dira abiapuntua koreogradia hau sortzeko momentuan»
Pieza duo bat da, Akira Yoshidagaz; lehenengoz ari dira batera lanean. Breakdance mundutik datorren dantzaria da Yoshida, nahiz eta dantza garaikidean aditua den. “Oso interesgarria da beragaz lan egitea. Asko gustatzen zait bi dantza diziplina horietan murgiltzea. Berak eman dizkidan mugimenduak oso interesgarriak dira niretzat, gauza berriak dira», dio Hormaetxek, eta beste dantzari zein sortzaileengandik ikastea «oso aberasgarria» dela dio. «Elkarlan hau oso interesgarria da, eta aberatsa bihurtu da”.
Hormetxek pieza bat sortzen duenean, «gizarteari buruzko hausnarketa» bat egiten duela aitortu du, “piezetako kontzeptuak beti daudelako gizarte mailako hausnarketa bategaz lotuta”. Halaber, edozein sortzailek asko “asetzen” du dantzaria.
Obraren hasiera, Frantzian
Piezaren sortze prozesua iaz hasi zuen Hormaetxek, Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza jaso eta gero. Dantza Hirian aurkeztu zuen lana, eta Biarritzeko Ballet Malandainen egoitzan hasi zen sortzen uztailean. Bigarren fasea Dantzagunean egin zuen, Errenterian, eta hirugarrena, Astran.
Dagoenerako aurkeztu du lana jaialdi desberdinetan, baina lana ez dago guztiz amaituta. “Proiektua ez dago amaituta, baina aurkezteko moduan bai. Sortze prozesuaren barruan fase desberdinak daude, eta niri fase guztiak bukatu barik daudela lana jendearen aurrean erakustea gustatzen zait. Horrek asko laguntzen dit sortzen jarraitzeko”, adierazi du, publikoagaz lotura hori izatea “beharrezkoa” duela gaineratuz. “Nondik norakoak zehazten laguntzen dit, bide berriak jarraitzen eta erakutsi gura dudana zer den finkatzen. Hartu-eman hori behar dut. Hori barik, egia esan, nire lanak zentzua galtzen duela sentitu dut”. Lana uda amaierarako amaituta izatea espero du artistak, baina momentu honetan pieza «berritzen» dago. “Pandemiak dena atzeratu du. Yoshida eta biok batzeko arazoak eduki ditugu”.
Frantzian hasi zen sortze prozesua, eta Frantziagaz lotura izaten jarraituko du proiektuak: “Frantziagaz kolaborazioak egiten nabil, eta horietako bat da Ahotsak proiektuaren eraberritzea egiteko egonaldi artistiko bat egingo dudala Parisen. Eta bertan estreinatuko dut”.
Iaz ez zen ia dantza ikuskizunik eskaini, baina hilaren 23an Gernikan eskainiko du pieza berria Hormaetxek, 19:00etan, Lizeo Antzokian. “Gernikan dantzatzen dudanean beti da berezia, babestuta sentitzen naiz hemen. Entseatzeko lekuak uzten dizkidate, eta asko laguntzen didate. Eskertzekoa da oso. Gainera, bonbardaketaren testuinguruan Ahotsak aurkeztea oso berezia izango da”.