Gaueko farmazia zerbitzua mantentzeko 6.069 sinadura batu dituzte
Zerbitzua mantentzea "oinarrizkoa eta beharrezkoa" dela nabarmendu dute eta sinadurak Berhazen erregistratu dituzte. Bermeoko Udalari eskatu diote euren eskaera eta sinadurak Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailean eta Bizkaiko Farmazeutikoen Elkargo ofizialean aurkezteko.
Herritar talde batek Bermeoko farmazietan gaueko zerbitzua egon dadin eskatzeko sinadura bilketa abiarazi zuen martxoaren 9an, eta guztira 6.069 sinadura bildu dituzte. Hala azaldu dute herritar taldearen izenean, Goiko plazan prentsaurrekoa eman duten Karmele Allika Andikoetxeak, Arantza San Pedro Laiunok, Jose Ramon San Juan loiolak eta Aintzane Larrabaster Mendigurenek.
Bermeoko farmazietan gaueko zerbitzua mantentzea “oinarrizkoa eta beharrezkoa” dela uste zutelako abiatu zuten sinadura bilketa: “Martxoaren 9an hasi genuen sinadura bilketa, eta gaur arte 6.069 sinadura lortu ditugu. Hau da, 6.069 herritarrek bat egin dute aldarrikapenekin. Horrek argi eta garbi adierazten du bermeotarrentzat zerbitzu hau beharrezkoa dela, oinarrizko eta ezinbesteko zerbitzua dela eta horren kontrako erabakia bermeotarron osasunaren kontrakoa izango dela”.
Gaueko zerbitzua ez bermatzea herritarrentzat “oso kaltegarria” dela diote, “ezinbesteko osasun zerbitzu bat” kentzen dietelako. “Herriko farmaziek 00:00etatik 08:00etara zerbitzurik ematen ez badute, Gernika-Lumora joan beharko gara, bertan egongo delako 24 orduko zerbitzua duen farmazia bakarra”, azaldu dute. Zerbitzu hori behar duten asko adin nagusikoak direla gogoratu dute gainera: “Asko bakarrik bizi dira, gaixorik daude edota kotxerik ez dute”.
Gainera, zerbitzua kentzeak “ez dela medikamentuen eskuragarritasuna legeek ezartzen dutenaren arabera betetzen” azaldu dute herritar taldearen ordezkariek.
Aurrera pausoak. Sinadura guztiak bilduta, Bermeoko Udalera bidali dituzte. Berhazen erregistratu dituzte, eta Bermeoko Udalari eskatu diote euren eskaera eta sinadurak Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailean eta Bizkaiko Farmazeutikoen Elkargo ofizialean aurkezteko. “Era berean, guzti honen jakinarazpena Bermeoko eta Mundakako farmazia guztietara bidali dezatela eskatzen dugu”, gaineratu dute.
Udalak kudeaketak “ahalik eta arinen” egitea espero dute herritarrek: “Konpromiso hori hartu zuen EH Bilduk aurkeztutako mozioa osoko bilkuran aho batez onartu eta gero”.
Hori horrela, bermeotarrentzat “kaltegarria” den erabaki hori atzera botatzea espero dute, “eta herriko farmaziek herritarrei arreta egokia eskaintzeko eta euren bizi kalitatea ez kaltetzeko orain arte emandako zerbitzua ematen jarraitzea“.