Bizkaiko Urpeko Arrantza Txapelketa jokatuko dute Bermeon
Bizkaiko hamar klubetako 28 kidek izena eman dute, horietatik 14 Izaro Sub klubekoak dira.
2021eko Bizkaiko Urpeko Arrantza Txapelketa lehiatuko dute zapatuan [apirilak 17], Bermeon.
Bizkaiko hamar klubetako 28 parte hartzailek izena eman dute. Bermeoko Izaro Sub-ek antolatu du, eta herriko klub horretatik hamalau kide ariko dira txapelketan:”Aurten Izaro Sub klubetik bi neska ariko dira”.
09:15ean hasiko dute txapelketa portuan, eta 13:15ak arte ariko dira. Ogoño eta Arribolas arteko itsas eremuan ariko dira arrantzan. “08:00ak aldera hasiko gara parte hartzaileei materiala banatzen eta COVID protokoloa betez denei tenperatura hartzen”, azaldu dute Izaro Sub klubeko kideek.
Egun horretan arrantzatutako dena herriko Kate Sarea elkarteari emango diotela jakinarazi dute Izaro Sub klubekoek. Aurreko urteetan Bizkaiko Elikagien Bankuari egiten zieten dohaintza, eta orain lehenengoz herriko elkarteari egitea erabaki dute: “Bermeoko herrian hainbat familiari laguntzen die Kate Sareak, eta eurei emango dizkiegu”.