24. Hegaluze Sarirako proposamenak aurkezteko epea zabaldu dute
Ohi legez, herritarrek proposamenak aurkezteko aukera daukate, eta hautagaiak proposatzeko azken eguna maiatzaren 16a izango da.
Iaz ez zen Arrain Azoka ospatu, eta ondorioz, ez zen Hegaluze Saririk banatu. Aurten, baina, Hegaluze Saria banatuko dute, eta saria banatuko duten 24.aldia izango da. Hegaluze Saria Itsuki irratiak antolatzen du Arrain Azoka Elkarteagaz batera.
Hegaluze Sariak ekintza puntual edo jarraipen profesional bat saritzen du, Bermeoren izena zabaldu eta goratu duenari edo herriaren alde lan egin duenari. Ohi legez, herritarrek proposamenak aurkezteko aukera izango dute, eta hautagaiak proposatzeko azken eguna maiatzaren 16a izango da. Saria pertsona, erakunde, elkarte, entitate edota proiektu bati ematen diote, eta proposamenen artean arlo guztietako ekintza motak aurkeztu daitezke: kirola, enpresa, kultura, gizartea edota ekonomia arlokoak, esaterako.
Proposamenak aurkeztu nahi dituzten herritarrek orri batean idatzi beharko dute aukeratuaren datuak eta zergatik aukeratu duten. Proposamenak Bermeoko Udal Turismo Bulegoan aurkeztu daitezke. Posta elektronikoz ere bidali daitezke honako helbideetara: hegaluze@itsuki-irratia.net edo turismoa@bermeo.eus.
Irabazlea epaimahai batek aukeratuko du, hala ere, hautagai batentzako proposamen asko baldin badaude, bat izatea legez hartuko dutela azaldu dute antolatzaileek, eta ez litzateke bozketarik egingo.
2019an Erroxape Emakumeen Elkarteak jaso zuen Hegaluze Saria, emakumeen ahalduntzean egiten duen lanagatik eta elkartearen 25 urteko bidea goraipatuz.
Sarituaren izena sare sozialen bidez emango dute maiatzaren 21ean.