Udaberriz jantzi gura dituzte Bermeoko erakusleihoak
Bermeoko Udalak laugarren erakusleiho lehiaketa antolatu du. Izena eman gura duten dendek apirilaren 23ra arte egin ahalko dute.
Herria udaberriz jantzi asmoz, udaberria izango da Bermeoko Udalak antolatu duen laugarren erakusleiho lehiaketako protagonista nagusia.
Udalak antolatu duen aipatu lehiaketan, kanpoaldera ematen duen erakusleihoren bat daukaten herriko dendek parte hartu ahalko dute. Interesa daukatenek Berhaz bulegora hurbildu beharko dute izena ematera, eta horretarako azken eguna apirilaren 23a izango da.
Jakitera eman dutenez, 2.000 euro banatuko dira saritan, honela banatuta:
- Erakusleiho onenari saria: 1.000 euro.
- Bigarren eta hirugarren sariak: 500 euro.
Ekimenaren helburua da herriko saltokiei laguntza eskaintzea eta bertoko kontsumoa sustatzea. Ekimen “polita” dela uste dute udal arduradunek, horregatik erabaki dute laugarrenez egitea. Lehiaketan parte hartzera animatzen dituzte herriko dendak.