II. Errepublikaren 90. urteurrena gogoratu du Pipergorri Kultur Alkarteak
"Apirilaren 14a orain eta 90 urte arinago ere egun gogoangarria eta pozgarria da", adierazi du Pipergorri Kultur Alkarteak.
Duela 90 urteko apirilaren 14a gogoratu du Gernika-Lumoko Pipergorri Kultur Alkarteak: “Apirilaren 14a orain eta 90 urte arinago ere egun gogoangarria eta pozgarria da”.
Orain dela bederatzi hamarkada kalera atera zirela errepublikano zaleak gogoratu dute Pipergorrikoek. “Bai udaletxean eta bai kalean momentu beroak bizi izan ziren: gernikarrak kalera atera ziren eta poztasuna nagusitu zen musika eta guzti. Beste alde berri baten hasiera izan zen eguna, eta emozioak ere agerian egon ziren”, kontatu dute elkarteko kideek.
Ordutik 90 urte pasatu diren arren, 1931ko apirilaren 14an landatu ziren sustraiak “bizirik eta ondo errotuta” daudela diote, eta gernikarren memorian gordetako errepublikari buruzko bi momentu aipatu dituzte. Batetik, Juan Carlos Iturri Soroa eta Clemente Lopez-Briñas Muga zinegotzi sozialistak 1937ko udan Bilbon afusilatu zituztela gogorarazi dute, eta bestetik Gernika-Lumon urteetan zehar preso errepublikarrek izandako presentzia azpimarratu dute. Izan ere, udalerriko Gerra-presoen Ospitale militarrean (1938-1940) 269 preso errepublikar hil ziren, eta bonbardaketa eta geroko urteetan ere, Gernika eraikitzen presoen batailloiak egon ziren.
Haien memoria berreskuratzea betebehar “etiko eta soziala” dela diote Pipergorrikoek, “biktimek egiarako, justiziarako eta erreparaziorako duten eskubidearekiko konpromisoa hain zuzen”.
Aurten, pandemia dela eta, ezinezkoa izan dute Gernika-Lumoko Gerra-presoen Ospitale militarrean hildako presoei urteroko omenaldia egitea, baina hori egitean egun hau ere oroituko dutela adierazi dute: “Aurten pandemia dela eta, ezinezkoa da apartekorik egitea, eta 90. urteurren hau gogoan hartuko dugu Gerra-presoen Ospitale militarra zarratu zeneko 80. urteurreneko proiekuaren barruko omenaldia egiterakoan, urritik aurrera”.