Erabakitzeko eskubidea aldarrikatuko du Hamaika Garak, Gernikan
Erreferendumaren aldeko ekitaldia antolatu du Busturialdeko Hamaika Gara plataformak, Gernika-Lumon. Domekan egingo dute, eta 13:00etan jarri dute hitzordua, Merkurion.
Busturialdeko Hamaika Gara plataformak komunitatean eragina duten auziei buruz “erabakitzeko eskubidea izatea” aldarrikatuko du, domekan, Gernika-Lumon; 13:00etatik 14:30era Merkurion jarri dute hitzordua. “Auziei buruz erabakitzeko eskubide osoa dugu, eta horretarako, erreferendum bidez erabakitzea posiblea egingo dugu. Bidea hasi dugu, eta hamaika gara bertan bat egiten ari garenak”.
Ekitaldia erreferendumaren aldeko mezua gizarteratzeko momentuan pandemiak sortu zuen etena indargabetzeko antolatu dute. Hori horrela, eragile desberdinekin adostutako Erreferendumaren Aldeko manifestua babesteko sinadura bilketa berrabiaraziko dute.
Ekitaldian, bertsolarien emanaldia, musika eta materialaren salmenta ere egingo dute.
Manifestua. Hamaika Garak bultzatutako Erreferendumaren Aldeko manifestuan bizitza duinak izatea ezinbestekoa dela adierazi dute: “Bizitza erdigunean jartzea, eta zaintza lanak modu orekatuan berrantolatzea, pertsonen arteko harremanak eta lurrarekin eta gainerako animaliekin ditugunak eraldatzea ezinbestekoa da. Gure etorkizun politikoa eraikitzea gure ardura da, eta hemen erabaki nahi dugu”.
Elkarregaz erabaki gura dute, edozein dela bakoitzaren sorterria eta hizkuntza: “Inor ez da ilegala; eskubide zibil eta politikoak bertan bizi garen herritar guztionak dira, eta historikoki ukatu zaizkienei aitortu eta bermatu egin behar dizkiegu. Hala, emakumerik gabeko erabaki guneek ez dute zilegitasunik”.
Erabakitzeko eskubidea da gatazkak kudeatzeko eta bakea eta bizikidetza bermatzeko giltza, haien ustez. “Atzerakada demokratikoei herritarrok ahaldunduta, bat eginda eta demokrazian sakonduz erantzun behar diegu”, adierazi dute. Ez dute, baina, edozein modutan erabaki gura: informazio gardentasuna, eztabaida publikoa, deliberazioa eta kontzientzia kritikoa sustatuz erabaki gura dute, aukera politiko guztiei bide emanez: “Erabaki gura dugu, betiere, guztion oinarrizko eskubide eta askatasunak bermatu eta zabaltzeko baldin bada, eta inoiz ez horiek murriteko edo gutxiengoen aurka egiteko. Funtsekoa da elkarbizitza eta kohesioa erabaki guztien oinarri izatea”.