Bizi aukera desberdinak landuko dituzte Kultura eta Bakearen jardunaldietan
Gernika Gogoratuzek bakeari eta kulturari buruzko edukiak gizarteratzeko apustua egiten duen 31. aldia izango da aurtengoa. Lurralde bakoitzeko espazioa eta denbora kontutan hartuta, bizi aukera desberdinak jorratuko dituzte.
Espazioa eta denbora oinarri, bizi aukera desberdinak landuko dituzte aurtengo Kultura eta Bakearen Nazioarteko Jardunaldietan. Hain zuzen, Espazioa eta denbora. Epistemiologia kritikoak eta bizi aukerak dute izenburu jardunaldiek, eta hori izango da gai nagusia. Gernikako bonbardaketako testuinguruan, Gernika Gogoratuzek bakeari eta kulturari buruzko edukiak gizarteratzeko apustua egiten duen 31. aldia izango da aurtengoa.
“Oraingoan ere, elkarrizketa gune bat ireki dugu, bizitzarekin jasangarriak diren alternatibak eraikitzen laguntzen duten esparru epistemologikoetan sakontzeko”, azaldu dute antolatzaileek.
Kolombiako, Mozanbikeko eta Euskal Herriko bizi alternatibak eta bake prozesuak izango dituzte aztergai. Gatazkan dauden lurraldeak proiektuak bost lurraldetan egindako ikerketen kasu azterketen emaitzak azalduko dituzte hain zuzen: Mozanbikeko Cabo Delgado eta Maputoko kasuak, Kolonbiako Tolima eta Caquetakoak eta Euskal Herrian Urdaibain egindakoa. “Proiektuaren bigarren fasearen berri emango dugu. Proiektuko lehenengo fasean martxan jarritako prozesuetan laguntzea eta bizitzaren iraunkortasunari buruzko narratibak sendotzea da helburu nagusia fase honetan”, azaldu dute Gernika Gogoratuzekoek, eta Gernikatik Mundura eta EHUkoekin batera egiten ari diren proiektua dela azpimarratu dute.
Apirilaren 21ean helduko diote programa akademikoari, hilaren 23ra bitartean. Hain zuzen, Gatazkan dauden lurraldeak proiektuaren berri emango dute lehenengo egunean. Euskal Herriko kasua aztertuko dute lehenengo, Alfonso Dubois Hegoa Institutuko presidente ohiagaze sparru teorikoa landuz. Gero, esperientziak kontatzeko tartea irekiko da, eta aditu bakoitzak bere proiektuak azalduko ditu; bertan parte hartuko du Jokin Alberdik. Gero, epistemiologia kritikoak landuko dituzte Silvia Rivera Cusicanqui eta Teresa Cunhagaz; gizarteak eta botereak deskolonizatzeko beharraz berba egingo du Cusicanquik eta hegoaldeko feminismoak eta epistemologiak jorratuko ditu Cunhak. Feminismoari helduta, Monzambikeko Maputo hiriburuko erresistentziak ere aztertuko dituzte.
Espazioa eta denbora. Espazialitatea eta denborazkotasuna ere jardunaldien ardatzak dira, eta hilaren 22an jorratuko dituzte. Gloria Isabel Cuartas Montoyak “itxaropenaren geografiak” landuko ditu eta Juan Manuel Jimenez Arenasek, berriz, Maitasunaren boterea bakearen aldeko eraikuntzan izeneko hitzaldia zuzenduko du.
Kolonbiako indarkeriarik gabeko erresistentziari buruz ere ariko dira. Tolimako eta Caquetako kasuak aztertuko dituzte hain zuzen. Romulo Guevara, Tolimako Unibertsitateko parte hartze komunitariorako hezkuntzan adituak eta Jhenifer Rodriguez kazetariak jorratuko dute gaia.
Bonbardaketaren urteurrena. Gernikako bonbardaketaren urteurrenaren harira, urtero legez, jardunaldia antolatu du Gernika Gogoratuzek udalarekin elkarlanean: Memoriaren politika publikoak. Gizarte zientziak, zuzenbidea, musika eta literaturatik gerturatzea. Jardunaldia apirilaren 24an izango da.
Jardunaldiak erdi-presentzialak izango dira, eta Zoom bidez emango dira on line. Presentzialak Gernika-Lumoko Elai Alai aretoan izango dira, apirilaren 21ekoa salbu; hori EHUko Bizkaia Aretoan izango da. Jardunaldiak doakoak dira, baina izena eman beharko da aurretiaz eta horretarako ezinbestekoa da izena emateko fitxa bidaltzea.
Apirilak 21, eguaztena.
– 9:30-10:00. Inaugurazioa.
– 10:00-13:00. Bizi aukerak Euskadin. Tentsioan dauden bizi lurraldeak, konponbide bila. Teoria Alfonso Duboisegaz eta gero, esperientzien aurkezpena.
– 16:30-18:00. Epistemiologia kritikoak, Silvia Rivera eta Teresa Cunhagaz.
– 18:00-19:45. Erresistentziak feminismotik. Mozambike.
Apirilak 22, eguena.
– 16:30-18:00. Espazialitatea eta denborazkotasuna, Gloria Isabel Cuartas eta Juan Manuel Jimenezegaz.
– 18:00-20:00. Indarkeriarik gabeko erresistentzia, Kolonbian.
Apirilak 23, barikua.
– 16:00-17:00. Juan Gutierrezen hitzaldia: Hebras de paz vida.
– 17:00-19:00. Artea lurraldeetan. Urdaibaiko kasua.
Apirilak 24, zapatua.
– 17:00-17:15. Aurkezpena.
– 17:15-19:30. Gernikako bonbardaketa. Gizarte zientzietatik gerturatzea.