Lanpostuak legez agindu bezala baloratzeko eskatu dute udal langileek
Gernika-Lumoko udal langileek lanpostuen balorazioari buruzko auzian epaileak emandako sententzia exekutatzeko eskatu diote udalari. Epaitegietara jo dute exekuzioa eskatzeko.
Gernika-Lumoko udal langileek lanpostuen balorazioari buruzko auzian duela bi urte epaitegiak eman zuen sententzia exekutzatzeko eskatu dute. Horretarako, elkarretaratzea egin dute gaur, udaletxe aurrean.
Gernika-Lumoko Udalean lanpostuen balorazioa egin zuten duela sei urte, eta lanpostuen puntuen balioan “desorekak” zeudela ondorioztatu zuen egindako azterketak. Arazoak konpontzeko ahaleginak egin arren, erantzunik ez jasotzea salatu zuten langileek, eta udaleko 26 beharginek epaitegietara jo zuten. 2019ko apirilean kaleratutako sententziak udal langileen alde egin zuen, “lanpostu guztien puntuen balioak berdina izan behar duela ondorioztatuz”.
Bi urteren ostean, baina, Gernika-Lumoko Udalak ez du epailearen sententzia bete, eta hori salatu du udal langile talde batek. Arlo desberdinetako langileek azaldu dutenez, lanpostu guztien puntuen balioak ez dira berdinak, eta desoreka “nabarmen handia” dela adierazi dute: “Lanpostu bakoitzak puntuazio bat du, eta puntu horiek balio berdina izan behar dute. Hori da sententziak dioena eta leku guztietan egiten dena. Gernika-Lumoko Udalean, baina, puntu bakoitzak ez dauka balio bera. Batzuek 1.000 puntu izan arren, 1.000 puntu baino gehiago dutenak baino gehiago kobratzen dute”.
Duela sei urte egindako balorazioaren ostean arazoari konponbidea ematen saiatu ziren langileak, baina, esan dutenez, ez zuten ezer lortu eta epaitegietara jo zuten. Hurrengo pausoa sententzia betetzea litzatekeela azaldu dute, baina udalak ez du horrelakorik egin: “Bi urte igaro dira eta oraindik ez dute hori bete. Gainera, ez dute negoziazio mahairik ere deitu. Hori erreklamatzen gabiltza, baina ez dute ezer egiten. Ez da aurrerapausorik eman”. Hori horrela, sententzia exejutatzeko eskatu dute berriro epaitegietan, abokatuaren bidez.
Bi bide. “Nekatuta” daudelako, exekuzioa bi bidetatik eskatu dute. Batetik, epaitegietara jo dute; beste alde batetik, Eusko Jaurlaritzako Lan Harremanen Kontseilura PRECOak ere bideratuko dituzte. “Berriro epaitegietara. Berez konpondu behar zuten zerbait bete ez izanagatik betetzeko eskatzera goaz, berriro. Administrazioaren eta udaletxeko zerbitzu juridikoen denbora eta dirua xahutu behar dugu, sententzia ez betetzeagatik eta arduraz ez jokatzeagatik. Baita langileon dirua ere. A zelako eredua. A zelako kudeaketa”.
Egoera horren aurrean, udalari galdegin diote “justiziak agindutakoa ez betetzea” zer den: “Langileekiko errespetu gutxi erakutsi dute, baina justiziarekiko ere ez?”
Sei urte daramatzate justiziak agindutakoa betetzeko eskatzen, eta horregatik atera dira kalera: “Kalera gatoz herritarrek jakin dezaten zelako tratua jasatzen ari garen. Errespetu eta ardura apur bat besterik ez dugu eskatzen. Nahikoa da”.