Igerilekua herritar guztientzako zabaltzea eskatu du EH Bilduk
Bermeoko EH Bilduren ustez, herritar guztiek eduki behar dute zerbitzu publikoak erabiltzeko aukera berdinak.
Hileetako lanak amaitu ostean, martxoaren amaieran zabaldu zuten Bermeoko igerilekua; momentuz, hala ere, abonatuek bakarrik daukate igerilekua erabiltzeko aukera.
Bermeoko EH Bilduk uste du herritarren eskubideen aurkako erabakia dela, eta “onartezina” dela: “Herritar guztiek eduki behar dute zerbitzu publikoak erabiltzeko aukera berdinak”. Abonatuek lehentasuna edukitzea “ondo” dagoela uste dute, baina abonatuak ez diren herritarrei ere aukera eman behar zaiela dio EH Bilduk. Ondoko herrietako batean erabiltzen duten eredua aipatu dute: “Abonatuek domekan hartzen dute hitzordua, eta astelehenetik aurrera egiten dute gainontzeko herritarrek, denei aukera emanez”.
Modu horretan, EH Bilduk udal gobernuari eskatu dio herritar guztiei igerilekua erabiltzeko aukera ematea, eta horretarako beharrezkoa den sistema ezartzea.