Gernika Atletismo Taldea pistara itzuli da
Pandemiak lehia eten ostean, hogei bat atletek parte hartu dute Bizkaiko Kluben Txapelketan.
COVID-19aren pandemiagatik geldialdi luzea egin ostean, Gernika Atletismo Taldeko atletak pistan lehiatzera bueltatu dira asteburu honetan.
Bizkaiko Kluben Txapelketan aritu ziren hogei bat taldekide zapatu arratsaldean, Basaurin. Hain zuzen, modalitate guztietan eduki zuen klubak ordezkaritza, 20, 18 eta 16 urtez azpikoen kategorietan.
Alabaina, emaitzetatik haratago, sentsazioak berreskuratzearen eta pistara eta lehiara bueltatzeren garrantzia azpimarratu dute taldearen ordezkariek: “Gernikako taldeko atletak azken hilabeteetan entrenatzen aritu dira, euren jarduerari eutsi diote, agintariek ezarritako jarraibideak zorrotz beteta eta gehienez ere sei pertsonako taldetxoetan entrenatuz, eta denek Covidaren aurkako neurri guztiak ondo eta arduraz bete dituzte. Horri esker, klubean ez da kutsatzerik izan hilabete hauetan. Entrenamenduak normaltasunez eta erregulartasun handiarekin mantendu dira, baina lehiatzeko eta pistara itzultzeko gogo bizia zuten atletek”.
Bizkaiko Kluben Txapelketan, orokorrean “errendimendu ona eta marka onak” eskuratu dituzte. 100 m lauak egin zuten Ainara Zoilok eta Unai Urrutiak, eta 3.000 m lauak Erik Bilbaok. 300 metroko lasterketan parte hartu zuten Izaro Unamunok eta Ibai Perezek, 600 metrokoan Mirari Martinek eta Aritz Etxebarriazarragak eta 3.000 metrokoan Irati Duñabeitiak. 3 kilometro martxan, berriz, Iara Auzokoa eta Aitzol Unzueta aritu ziren.
4×100 erreleboko proba lehiatu zuten Maria Idoiagak, Diana Ilauk, Zoilok eta Alluizt de Bilbaok (nesketan) eta Aitor Beaskoetxeak, Erik Bilbaok, Xabier Gabikagogeaskoak eta Unai Urrutiak (mutiletan). 4×300 errelebokoan, berriz, atleta hauek parte hartu zuten: Amets Antxia, Mirari Martin, Jone Oar-Arteta eta Izaro Unamuno (nesketan), eta Jon Zugazaga, Ibai Perez, Aritz Etxebarriazarraga eta Paul Auzokoa (mutiletan).
Beste modalitate hauetan ere ordezkaritza eduki zuen klubak: 300 metro hesietan, Diana Ilau eta Paul Auzokoa; jauzi hirukoitzean, Oneka Zulueta eta Aitor Beaskoetxea; pisu jaurtiketan, Alluitz de Bilbao eta Alexander Costillas; altuera jauzian, Unax Atristrain; eta xabalina jaurtiketan, Beñat San Jose.
Bestalde, orain dela aste batzuk, talde gernikarreko zenbait kirolarik parte hartu zuten Bizkaiko eta Euskadiko banakako txapelketetan. Baina, talde moduan zapatuko izan da denboraldi honetako lehen hitzordu nagusia: “Gernika talde gisa lehiatzeko balio izan du, eta, pandemia gorabehera, klubak sendo jarraitzen duela erakutsi du, eta orain kirolaz eta atletismoaz gozatzeko gogo gehiago dutela”.